IrunBuseko gidariek aurreakordioa lortu dute
18 eguneko greba bertan behera utzi dute gidariek, aurreakordioa lortuta. KPIaren igoera, urteko lan orduen murrizketa, eta segurtasunerako komisioaren eratzea adostu dute.
Zazpi eguneko grebaren ondoren, aurreakordioa sinatu dute IrunBuseko gidariek. AUIF enpresako langileek asanbladan onetsi dute aurreakordioan, eta, beraz, gaur hasi behar zuen greba bertan behera geratuko da.
Lan baldintzak aldatuko direla baieztatu du Aitor Iturain ELAko ordezkariak, besteak beste, 2024 eta 2026 urteen bitartean, urtero, KPIa igoko zaie. Horrez gain, bidaiarien garraioko lan jardunaldia murriztu egingo da orduetan. Aurrerantzean 36,5 orduko jardunaldia egingo dute, hau da, egun dutena baina 85 ordu gutxiagokoa, urtean 1.706 ordu. Bi urtean 1.628 ordutara murriztu daitekeela azaldu du Iturainek. Gainera, araudi orokorrean bidaiarien jardunaldia legez ezartzen bada, 68 orduko murrizketa gehigarria izango dute AUIFeko langileek. Hartara, 36 orduko lanaldia da izango luketena.
Segurtasuna izan da ere greba egun hauetako aldarrietako bat. Udalak komisio bat eratuko du protokolo eta baliabideak negoziatzeko eta horren parte izango dira Udaltzaingoa eta Udala. Komisio horretan erabakiko dituzte gidarientzako babes neurriak zeintzuk izango diren, protokoloa idatziko dute eta segurtasun baliabideak negoziatuko dituzte. Horrez gain, autobusetan panikoaren botoia, kamerak eta manparak jartzeko konpromisoa hartu du Irungo Udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako autobus guztietarako segurtasun sistema bateratu bat jarri nahi dutela ere aurreratu du ELAk.