Herri bazkariaren betekada, goxoa eta errespetuz betea
Irungo gazteen hitzordu nagusia izango da biharkoa. Egun osoko egitaraua dute aurretik 1.117 gaztek. Aurten errespetuzko jarrera izango da plater guztien osagai nagusia.
Zailtasunak zailtasun, bihar, hilak 22, egingo da Irungo Koadrila Eguna, edota herri bazkaria gisara ere ezaguna dena. Guztira 1.117 gazte elkartuko dira Ficobako pabiloi bakarrean, iaz baino 583 gutxiago. Arrazoi ekonomikoengatik pabiloi bakarrean bilduko dira aurten. Beste urte batez eguna egi bihurtzeko ezinbestekoa izan da Betti Gottiren eta Antxeta Irratiaren elkarlana. Baita Irungo Udalaren diru laguntza ere. Dena den, iaz, diru laguntzaren poltsa %16 jaitsi zuen udalak, eta 2024an ez die inolako diru laguntzarik eman. Erabaki horren ondorioz, Betti Gottik ezin izan du urtean zeharreko bestelako jarduerarik egin, eta udalarekin harremanetan badaude ere, «arduratuta» daudela baietsi dute, ez baitute «argibiderik» ikusten.
Herri bazkariaren garraztasuna presente izan behar dela esan du Yera Laka Betti Gottiko kideak. «Koadrila Eguna egun garrantzitsua da Irungo gazteentzako». Etorkizuneko Koadrila Eguna denen artean antolatzea errazagoa izan dadin, gazteak boluntario gisa parte hartzera dei egin du Lakak. Era berean, bada jarduerari gatza jarri eta dastagarriagoa egin duenik: Antxeta Irratia. Izan ere, kamiseta lehiaketa itzultzea ahalbidetu dute, horretarako ekarpen ekonomikoa eginaz.
Lehiaketa 2008an sortu zuten, eta 2016an utzi zioten antolatzeari diru arazoengatik. Ez zuten sariak ordaintzeko dirurik, baina, hala ere, kuadrillek taldeko kamisetak egiten segitu izan dute urteetan, saririk jaso ez arren. Bada, aurten indar horri eutsiko diote, eta kuadrilletako artistenek haien irudimena erakutsi beharko dute. Lakak baieztatu du lehiaketaren itzulerak erantzun «ona» jaso duela, eta «jendea animatu» dela. Kamiseten diseinuan lagungarri izateko iragarri dute aurtengo zapien kolorea morea izango dela.
Errespetua, plater nagusia
Betti Gottik puntu morea bermatuko du Ficoban, 17:00etatik 20:00etara. Gune horretan emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko sentsibilizazio kanpaina egingo da, eta indarkeria matxistaren biktimek behar duten laguntza jasotzeko puntua ere izango da. Halaber, leku batetik bestera joateko laguntza behar izanez gero, boluntarioak laguntzeko prest izango dira. Horretarako izena eman behar da. Bestalde, alkoholaren gehiegizko kontsumoa prebenitzeko postutxo bat ere egongo da, eta alkohol probak egiteko aukera eskainiko da bertan.
Errespetua bermatzeko ere lanean aritu dira aurten. Izan ere, iaz, janari borroka bat hasi zen pabiloietako batean, eta bertan zeuden langileek ezin izan zuten lan egin. Ondorioz, postrea banatu baino lehen aterarazi zituzten 18 eta 22 urte artekoak, eta ezin izan zuten festara itzuli. Beraz, aurten ezinbestekoa izango da «errespetuz» eta «lasaitasunez» jokatzea. Lakak aurreratu du «jarrera desegokiak» badaude, antolakuntzak neurriak hartuko dituela. Bertaratuko direnek bazkarirako arauak jaso dituzte. Arauen oinarrian, «lasaitasuna» eta «errespetua» daudela laburbildu du Lakak. Gainera, bazkarira joan ez, baina ondorengo dantzaldira joateko asmoa duenak ere bete beharko ditu. Aurtengo dantzaldirako sarrera ez da doakoa izango, 2 euro ordaindu beharko dira.
Koadrila Egunaren gaineko informazio guztia bettigotti.eus orrialdean eta haien sare sozialetan topa daiteke. San Martzial jaiak piztera doaz, eta gazteena izango da lehen txinparta.
URDANIBIA PLAZAN
• 09:00etan, kuadrillen gosaria.
• 09:30ean, goitibeheraren zozketa.
• 10:00etan Irun Hiria III. Sari Nagusia goitibehera lehiaketa.
• Ondoren, kuadrillen kamiseten lehiaketaren sariketa.
• 12:00etan, Peña Poteo txaranga eta trikitilariak.
• 13:15ean, kalejira Ficobarantz.
FICOBAN
• 14:15ean, bazkaria eta globotxupinazoa.
• 16:00etan, Ficobako ateak irekiko dira. 2 euro.
• 16:00etan, DJ Balber.
• 17:00etan, Burrunba elektrotxaranga.
• 19:00etan, DJ Balber.
• 20:30ean, itzulera Irunera Matraka elektrotxarangarekin.
• Ondoren, askaria.