Gautxori zerbitzua indartuta egongo da jaietan
Gaur (hilak 21) hasi eta uztailaren 1era arte IrunBusek zerbitzu berezia eskainiko du gauetan. Gipuzkoa hiribideko 1 zenbakiko geltokitik irtengo dira gaueko autobus guztiak.
IrunBuseko gidariek lan akordioa adostu ondoren, greba bertan behera utzi, eta jaiei begirako gaueko zerbitzua indartuko dute. Gaurtik uztailaren 1era bitartean eskainiko da zerbitzu indartua eta autobus guztiak Gipuzkoa hiribideko 1. zenbakitik irtengo dira.
Gogoratu beharra dago gaueko autobus zerbitzuak ibilbidean zehar nahi den tokian gelditzeko aukera eskaintzen duela. Helburua, puntu beltzak ekiditea eta behar izatekotan etxetik ahalik eta gertuen uztea da. Horretarako, autobus gidariari non jaitsi nahi den abisatzearekin nahikoa da.
Gautxoria
Gaur (hilak 21), larunbata 22an eta igandea 23an, baita ostirala 28an, larunbata 29an eta igandea 30ean ere, zerbitzua 23:00etatik 07:00etara izango da, azkeneko zerbitzua Behobiarantz 06:00tan izanda eta azkenekoa Katearantz 06:30etan.
Hilaren 24ean, asteartea 25ean, asteazkena 26ean eta osteguna 27an, baita uztailak 1 astelehenean, zerbitzua 23:00etatik 03:00tara izango da, azkeneko zerbitzua Behobiarantz 02:00tan izanda eta azkenekoa Katearantz 02:30etan.
San Martzial mendira igotzeko autobus-zerbitzua hilaren 30ean
Aurten ere San Martzial mendira igotzeko autobus-zerbitzua eskainiko du udalak hilaren 30ean. Autobusa Antonio Valverde kaletik abiatuko da (Udaltzainen egoitzaren ondoan) 09:30etatik 14:30etara, eta itzulera ere leku berera egingo du. Prezioa, 1,50 eurokoa da eta autobusean bertan ordaindu beharko da. Joan-etorriko txartela hartzeko aukera ere egongo da, 3 euroan. Zerbitzu honetan ezingo da Lurraldebus edo Mugi txartela erabili, ez direlako udal-autobusen zerbitzuen barruan sartzen. Beraz, eskudirutan ordaindu beharko da.