[Erreportajea] Minbiziaren kontrako palakadak
HS2 kirol elkartea Dragon Boat modalitatean murgildu da. Egitasmoaren helburua da bularreko minbizia pairatu duten emakumeei kirol jarduera bat eskaintzea. Une honetan, 27 emakume ari dira arraunean.
HS2 Hondarribian errotuta dagoen kirol klub bat da. 2011n abiatu zuten beren jarduna, irristatzearekin zerikusia duten kirolei ahotsa emateko; esaterako, surfari eta skateari. Ordutik, kirol gutxitu horien sustapenean dihardute Bidasoa eskualdean, herritarrek haiekiko sarbidea izan dezaten. Gerora, kausa sozial mordoan murgildu direla adierazi du Iñaki Navascues klubeko zuzendariak, eta harentzat, funtsezkoa izan zen 2018an Miren Zabala klubean sartu izana. Zabala HS2ko kirol egokituko arduraduna da, eta hark bultzada handia eman dio kirol egokituko arloari. Hari esker esparru hori «profesionalizatu» ahal izan dutela kontatu du klubeko zuzendariak: «Guk inklusioaren aldeko apustua egin dugu beti, baina Mirenek [Zabalak] esperientzia eman digu».
Sei urte pasa dira Navascuesek eta Zabalak Superatu izeneko proiektua martxan jarri zutenetik. Zabalak azaldu du egitasmo horren muina dela desgaitasunen bat duten erabiltzaileei paddle surf eta surf ikastaroak eskaintzea. Saio horiek «interes handia» jaso dutela jakinarazi du kirol egokituko arduradunak, itsasoa haientzat «bizitza» delako. Horrez gain, aurtengo martxoan Ainsako (Huesca, Espainia) Solomont taldeak antolatzen duen Pirineo SUP Festival-ean izan dira asteburu pasa hango txapelketan parte hartzen, eta esperientzia «bikaina» izan dela onartu du Zabalak: «Lehen aldia izan da denak kanpora atera garena asteburua pasatzera. Sekulakoa izan da. Oso ondo pasa zuten, eta dagoeneko esaten ari dira datorren urtean itzuli nahi dutela». Datorren astean ere Superatu udaleku inklusiboak hasiko dituzte. Desgaitasunen bat duten eta hiru urte baino gehiago dituzten haur eta gazteei begirakoak dira jarduera horiek. HS2 elkartea oso kontzientziatua dago inklusioarekin, eta lan sakona egiten dute hura egunerokoan bultzatzeko. «Klubaren DNAn» dagoela aitortu du Navascuesek.
Inklusio horren adibide argienetako bat berriki gauzatu dute, Dragon Boat talde bat sortu baitute. Dragon Boat Txinatik datorren arraun modalitate bat da, eta ontzia 12 edo 22 palistak osatzen dute. HS2k Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin abiatu du proiektua, eta martxan da jada, bi ontzirekin. Une honetan 27 emakume ari dira arraunean Hondarribian, eta gehienek bularreko minbizia izan dute. Navascuesek jakinarazi du Dragon Boatak hainbat ezaugarri dituela, baina beste kiroletatik bereizten duena da «oso onuragarria» dela bularreko minbizia izan duten emakumeentzako. Zabalak gaineratu du arraunaren teknika «lagungarria» dela ebakuntza ondorengo prozesurako, zonalde kaltetu horren muskuluak indartzen baititu.
Dragon Boatak dakartzan onurak kirolaz eta jarduera fisikoaz harago doaz, emakume horiek sozializatzeko leku bat topatu baitute HS2n, eta haien elkargune bat sortu dute. Emakume horientzat arraunean aritzea «bultzada handia» izan dela aitortu du Zabalak. «Elkarren artean pila bat laguntzen dute, sozializatzen dira, eta haientzat oso beharrezkoa da. Bakoitzak bere egoera du, eta deskonektatzeko oso ondo datorkie», esan du kirol egokituko arduradunak: «Muskulatura, erresistentzia edota koordinazioa lantzen dituzte, bai, baina puntu gehiago ditu. Autoestimua lantzen dute, beraien artean komunikatzen dira, eta talde baten parte sentitzea oso garrantzitsua da. Depresioa edota antsietatea ere gainditzen laguntzen du».
Hamar urteko nahia
Iñaki Navascuesek duela hamar urte izan zuen Dragon Boat modalitatearen berri, eta ontzi horiek Hondarribira ekartzen saiatu zen hasieratik. HS2k kanoa hawaiiarrak dituela nabarmendu du klubeko zuzendariak, baina horiek edukiera gutxi dute, gehienez sei pertsonakoak baitira. Hori dela eta, Navascues hasieratik ahalegindu zen Dragon Boat motako ontziren bat lortzen, horiek handiagoak baitira, baina ezinezko egin zitzaion.
Kirol horren gaineko informazioa bildu nahian, duela hiru urte Galiziako klub baten berri izan zutela jakinarazi du zuzendariak. Klub hori Espainiako Estatuko Dragon Boateko indartsuena da, eta haiekin izan ziren esperientziak partekatzen. Ondoren, proiektua finantzatzeko, ikusgarri egiteko eta Hondarribira ekarri ahal izateko, Navascuesek eta Elena Hurracak Donejakue bidea egin zuten iazko urrian, bizikletan. Bidaia horretan klub galiziarrak eta asturiarrak bisitatu zituzten, eta haiekin entrenatzeko aukera izan zutela kontatu du Navascuesek. Hor ikusi zuen proiektua egikaritu behar zutela HS2ko erabiltzaileen profilagatik, eta taldeek beren artean zuten harreman onagatik.
Donejakue bidetik itzulita, dena «oso azkar» joan dela onartu du klubeko zuzendariak, eta taldea martxan dago jada. HS2k bi ontzi lortu ditu, eta horietan egiten ari dira bidea. Bidaia horren esperientzia «oso dibertigarria» eta «betegarria» izan zela aitortu du Navascuesek, lagun asko bisitatu zituztelako. Eskuen artean zuten proiektua beste klub batzuei ere ezagutarazteko aukera izan zuten, eta haiek ere tankera horretako egitasmoren bat aurrera eraman ahal izatea gustatuko litzaioke klubeko zuzendariari: «Ohartu dira gure helburua bete dugula. Oxala haiek ere animatzea eta Dragon Boat bat sortzea, horrelako kausa sozialak ere beren herrietan gauzatzeko».
Dragon Boat taldea sortzearen helburu nagusia bularreko minbizia duten emakumeei jarduera bat eskaintzea izan dela baietsi du Navascuesek. HS2, kausa sozialaren arloari eutsiz, gizartean dauden «hutsuneak» identifikatzen saiatzen dela jakinarazi du zuzendariak, eta Dragon Boatak hutsune horri erantzuten dio. Momentu honetan, 27 emakume ari dira arraunean Hondarribian, baina taldea «inklusiboa» dela nabarmendu dute klubeko arduradunek, nahi duen oro gerturatu baitaiteke Hondarribira kirol hori probatzera. Orain soilik emakumeak badaude ere, gizonei ere bertaratzeko deia luzatu diete. «Edonork proba dezake, eta animatzen badira oso ondo pasako dute», esan du Zabalak. Kirol egokituko arduradunak, gainera, Galizian bizitako esperientzia kontatu du: «Galizian egon ginenean denetarik ikusi genuen. Haurrak, gazteak, helduak, gizonak eta emakumeak ari ziren batera arraunean, eta hori oso polita da. Helburu garrantzitsuena Dragon Boateko modalitatean da talde lana sustatzea, denen artean aurrera egiteko».
Dragon Boat taldeak astean bitan entrenatzen du Hondarribian: ostegunetan, 18:30etik 20:30era, eta igandetan, 10:00etatik 12:00etara. Herritarren erantzuna «arrakastatsua» izaten ari dela adierazi du Navascuesek, jende asko animatu baita arraun egitera. Talde egituratu bat osatzeko gai izan dira, eta etorkizunera begira jarri dira jada; hala ere, jendea animatu du, kirola proba dezan. Parte hartu nahi duen oro elkartearekin harremanetan jar daiteke.
Navascuesek argi du HS2k «kirolaren bidez esperientziak eskaintzen» dituela, eta bide horretan, haien helburua da klubera gerturatzen diren pertsonen bizitza hobetzea. Zimenduak jarrita, txapelketetara joateko aukera suertatzen bada, joan daitezkeela esan du zuzendariak, baina ez du uste klubaren helburu nagusia lehiaketetara joatea izan behar denik. «Ez dugu ahaztu behar atzetik dagoen egoera, eta hori oso garrantzitsua da. Ez dugu ahaztu behar hona disfrutatzera eta ondo pasatzera gatozela».
Dragon Boatak, gainera, klubari erremintak eskaintzen dizkiola adierazi du Navascuesek. Negurako edo egun haizetsuetarako ontziak alternatiba gisa balia daitezkeela esan du, eta klubeko gainerako kideek ere ontziak erabili ahal izango dituztela ziur da.
Aurkezpena, Bikingo Egunean
Iragan astelehenean Dragon Boat ontziaren aurkezpen instituzionala egin zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin, haiek babestu baitute proiektua. Aurkezpenaren ondoren, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak entrenamenduan parte hartu eta ontzira igo ziren, Dragon Boateko taldekideekin batera.
Larunbatean, baina, V. Bikingo Egunean, Dragon Boata Hondarribiari, herriari, erakusteko aukera izan zuten. HS2 elkarteak egun osoko egitaraua antolatu zuen Butroi pasealekuan irristatzeko kirolez gozatzeko. Egunean zehar surf eta paddle surf lasterketak egin zituzten, eta eguna bukatzeko, arratsaldean, Dragon Boat ontziaren erakustaldia egin zuten. HS2k bi ontzi ditu, eta biak bete ziren. Navascues bularreko minbizia duten partaideekin ontziratu zen, eta Zabala, aldiz, kirol egokituko kideekin, Paradragoia deitu duten modalitatean. Biek ala biek eguna «ikaragarria» izan zela eta «oso ondo» pasa zutela aitortu dute. Kirol egokituko kideekin probatu dute jada Dragon Boata, eta Zabalak haiekin praktikatzen jarraitu nahi du.
Palakadak eman ondoren, Dragon Boateko partaideak banan-banan igo ziren oholtzara, eta Endaneako diadema bana jarri zieten. Bukatzeko, emakumeetako batek hartu zuen hitza, pozik eta harro: «Abentura bat izan da eta esperientzia ezin hobea izaten ari da. Eskerrak klubeko kideei eta babesle guztiei, haiek gabe ez ginatekeelako hemen izango. Mila esker guztioi eta luzerako izan dadila». Izan ere, proiektu hasi berria bada ere, etorkizunera begirako ikuspegi orokorra dutela adierazi du Navascuesek, eta larunbatean esan zuen bezala, «hau hasi besterik ez da egin».