Eraso matxistagatik eta transfoboagatik gizon bat atxilotu dute Irunen
Astearte iluntzean Irungo ostatu batean emakume bati eraso egin zion 21 urteko gizonak. Epaileak aske utzi du erasoa egin duena, kautelazko neurriekin.
Hilaren 18an, 23:30ean, Irungo taberna bateko terrazan emakume bati eta tabernan zeuden beste hainbat pertsoni eraso egin zion 21 urteko gizon batek. Hortaz, pertsona batek 112 telefono zenbakira deitu zuen, eta bertan gizon batek hainbat pertsonari eraso ziela jakinarazi zien. Hartara, Ertzaintza eta Udaltzaingoa bertaratu ziren, Irungo jaietako prebentzio dispositiboan zeuden agenteak, hain zuzen ere.
Poliziak bertaratu zirenean, bertako pertsona batzuekiko jarrera “oso oldarkorra” zuen gizon bat zegoela berretsi zuten, eta, beraz, atxilotu egin zuten 21 urteko gizona. Gero, polizia emakume batekin jarri zen harremanetan eta atxilotutako gizonak ukituak egin zizkiola salatu zuen emakumeak.
Emakumeak azaldu zien ostatuko zerbitzariarekin hitz egin zuela erasoaren ondoren, eta zerbitzariak gizonari haren jarrera aurpegiratu ziola azaldu du Ertzaintzak. Gizonak, orduan, irain transfoboak egin zizkion erasoari aurre egin zion emakumeari. Gainera, txistua bota zion ere.
Gizona ustezko sexu eraso delitu batengatik izan da atxilotua, baita genero identitateagatikko gorrotoak areagotutako irain eta laidoen delitugile gisa ere. Erasoa egin zuenak aurrekariak ditu lesio eta mehatxu delituengatik eta guardiako epaitegiaren esku utzi zuten ondoren. Epaileak aske utzi du kautelazko neurriekin.