Ama Xantalen konpainia, Alde Zaharrean bira eta jira
Alarde publikoa entsegu giroan dago sartuta, bete-betean. Atzo, Ama Xantalen konpainiaren eguna izan zen, eta babes handia jaso zuen konpainia parekideak.
Astelehenean hasi ziren alarde publikoaren kaleko entseguak, eta atzokoa Landetxa, San Migel, Olaberria eta Ama Xantalen konpainien eguna izan zen. Irungo Alde Zaharra baldin bada hiriaren bihotza, bertan izan zen HITZA, Ama Xantalen konpainiaren entseguan. Iratxe Etxeberria estreinakoz aritu zen kapitain jardunetan, lagunen babes txalo ozenekin.
Etxeberriaren atzetik, gazteria indartsu bat. Euri gogorrenek ere aurrera egitea gelditzen ez dien gazteak. Literalki. Euri zaparrada erraldoiaren aurrean ere aitzina egin zuten gazteek. Baita konpainiaren atzetik babes zabala adierazten ari ziren herritarrek ere. Aldi horretan, Olaberria konpainia sartu zen Urdanibia plazara blai-blai eginda, eta euriak dantzarako abagunea eskaini zuen. Peña kalea jauzika eta dantzaka igo zuten Olaberriako gazteek.
Aurretik beste bost entsegu egun geratzen dira eta horiek honako lotura honetan kontsulta daitezke. Ondoren, hilaren 28an, Kantineren Eguna ospatuko da. San Pedro Egunean, berriz, armen berrikuspena egingo da eta Banda eta Danborradak Urdanibia plaza dardarka jarriko dute.