Udaran murrizketak Irun eta Hondarribiko erietxeetako ordutegietan
Lanegunetan, kontsultak, 08:00etatik 17:00etara egingo dira, eta telefono bidezko kontsultak 24 orduz eskainiko dituzte. Irailaren 13ra arte iraungo dute ordutegi murrizketek.
ESI Bidasoak jakinarazi du ordutegi aldaketa egingo dutela Irungo eta Hondarribiko anbulatorioetan. Udarara begira hartutako neurria da eta iaz ere neurri berdina hartu zuten. Irungo erietxeetan, hilaren 24tik irailaren 13ra bitartean egongo da indarrean ordutegi murriztua. Hondarribiko anbulatorioan, berriz, uztailaren 2tik irailaren 13ra.
Hala, familia medikuntzako eta erizaintzako kontsulten ordutegia 08:00etatik 17:00etara bitartekoa izango da lanegunetan. Ordutegi horretatik kanpo, etengabeko arreta eta larrialdietako arreta Irun Erdialdeko EAGn eskainiko dute. Telefono bidezko kontsultak 24 orduz egiteko aukera egongo dela adierazi du Osakidetzak eta horretarako telefono zenbakia zein den oroitu dute: 900 20 30 50.