Su txikiak pizteko prozedura berri bat sortu du udaltzaingoak
San Joan bezperan piztuko diren su guztiek udaltzaingoaren baimena izan behar dute. Horiek BAZ bidez jakinaraziko dira.
Igande honetan da San Joan bezpera, udari ongi etorria emateko eguna. Su ofizialaz gain, herritarrek su txikiak pizten dituzte herrian zehar eta horiek kontrolatu ahal izateko udaltzaingoak zenbait baldintza ezarri ditu, prozedura berri bati jarraiki.
Su guztiek udaltzaingoaren baimena izan behar dute piztu ahal izateko. Horregatik, piztu baino lehen udalari BAZen bidez jakinarazi beharko zaio sua pizteko nahia. Harremanetarako tefenonoa, arduradunaren izena eta suaren kokapen zehatzaren argazki bat eraman beharko du. Arduradunak presente egon beharko du eskaera egiterako unean.
Sua pizten denetik segurtasun distantziak errespetatzea ezinbestekoa izango da eta debekatuta egongo da lehergailuak, su likidoak, gas toxikoak edo ke kantitate handiak bota ditzakeen material edo tresna elektrikorik erabiltzea.
Kokalekuari dagokionez, ezin izango da sua eraikin, linea elektriko, telefono instalazio, gas kutxa, hiri altzari, farola edo ibilgailuetatik gertu piztu. Lekuak zabala izan behar du, eta elementu publiko edo pribatuetatik 40 metrora egon beharko du gutxienez. Eta sua pizteko lekuaren jabearen adostasuna beharrezkoa izango da.
Azkenik, udalak jakinarazi duenez, arriskua sor dezakeen suren bat ikusten badute, udaltzingoak berehala itzaltzeko eskumena izango du.