Laugarrenez, Platinozko Erratza Txinzerrentzat izan da
Jasangarritasunaren aldeko politikengatik eman dio ATEGURUSek saria Txinzerri. "Ohore handia" dela adierazi du Igor Enparan Hondarribiko alkateak.
Madrilgo IFEMA erakustazokan izan ziren atzo Hondarribiko alkate Igor Enparan eta Irungo udal ordezkari Borja Olazabal, eta Platinozko Erratza saria jaso zuten Txinzerren izenean. Laugarren aldia da sari hau jasotzen duena mankomunitateak, eta jasangarritasunaren alde ezarritako politikengatik irabazi dute beste behin.
Garaikurra Hondakinak eta Ingurumena Kudeatzeko Elkarte Teknikoak (ATEGURUS) banatu zuen, eta nabarmendu dute Irungo eta Hondarribiko garbiguneen osagarri gisa diseinatutako puntu garbiak “eraginkortasunez” ezarri direla. “Puntu horiek bi hirien beharretara egokitu dira, eta edukiontzi bakarrean 10 hondakin ezberdin biltzea ahalbidetzen du, espazioa optimizatuz eta birziklatzea erraztuz” azaldu dute.
ATEGURUSek hiri eta industrietako hiri hondakinen kudeaketa, garbiketa eta oro har, hiri garbiketa hobetzen duten ekimenen inplementazioan nabarmentzen diren erakundeak saritzen ditu, eta aurtengoa hemeretzigarren edizioa izan da.
Enparanen hitzetan, saria laugarrenez jasotzea “ohore handia” da eta jasangarritasunarekin duten konpromisoa berresten dela horrela gaineratu du. “Irun eta Hondarribiko Udalek Txinzerrekin elkarlanean egindako ahaleginaren emaitza da saria; izan ere, etengabe ari gara lanean gure hiriak garbiago eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoa izan daitezen” azaldu du Enparanek.
Olazabalek, berriz, Txinzerreko langileak zoriondu ditu, “egunero-egunero gure kalean garbitzen dituzten langileak”, alegia. Nabarmendu egin ditu erratzarekin lanean aritzen direna, animalien kakak garbitzeaz arduratzen direnak edo galtzadarrietako zigarro muturrak garbitzeko egiten duten saiakera egiten dutenak.