Eskubaloiko Espainiako Selekzioak Irunen jokatuko du
Hiru partida jokatuko dituzte Artalekun, uztailaren 10ean, 12an eta 14an. Sarrerak hilaren 24an jarriko dituzte salgai.
Datorren uztailean hasiko dira Parisko Olinpiar Jokoak eta horren atarian, Irunen izanen dira Espainiako Eskubaloi Federazioko Emakumeen Selekzioko jokalariak. Uztailaren 10ean, 12an eta 14an jokatuko dute Artalekun eta Angola eta Hego Korea izango dituzte aurrean.
Uztailaren 10ean, 19:00etan, Angolaren kontra arituko dira; uztailaren 12an, 19:00etan, Hego Korearen aurka; eta uztailaren 14an, 13:00etan, Hego Korearen aurka berriro ere. Marta Pastor Gipuzkoako Aldundiko Kiroletako zuzendariak adierazi du Irunen eskubaloiarekiko grina “txoko guztietan” nabaritzen dela, eta irundarrak “buru-belarri” aritzen direla animatzen eta gozatzen. “Ekitaldi hau aukera bikaina da Irunek goi mailako lehiaketak hartzeko gaitasuna duela erakusteko” erantsi du Pastorrek.
Bera Bera RT eskubaloi ataleko arduradun Tatiana Garmendiaren esanetan, oso garrantzitsua da azpimarratzea horrelako hitzorduak “erreferente berriak sortzeko”, eta, halaber, emakumezkoen eskubaloiaren lotura sendotzeko.
Sarrerak Bidasoa eskubaloi taldeak kudeatuko ditu eta hilaren 24an jarriko dira salgai, eskubaloi taldearen orrialde ofizialean. Bi prezio ezarri dituzte: sarrera orokorra, 10 eurokoa partida bakoitzeko; eta hiru partiduentzako bonua 25 eurokoa. Horrez gain, 14 urtetik beherakoentzako partida bateko prezioa 6 eurokoa izango da, eta hiru partidetarako bonua, 15 eurokoa.