Artiako Belartzako aparkalekuaren obrak esleitu dituzte
Uda bukatu aurretik hasiko dira obrak, eta aparkalekuaz gain, jolaserako eta kirolerako guneak izango ditu. Aparkalekuaren funtzionamendua ordainpekoa izango da, eta autoentzat, motoentzat eta bizikletentzako plazak eskainiko ditu. Ia 6 milioi euroko aurrekontua bideratu dute obretara.
Artiako Belartzako aparkalekuaren proiektuaren aurkezpen ofiziala egin du gaur Cristina Laborda alkateak. Izan ere, obrak esleitu dizkiote U.T.E Parking Belartza deituriko enpresari eta 23 hilabetetan burutu beharko dituzte obrak 5.936.230,15 euroko aurrekontuarekin. Alkateak baieztatu du udara bukatu baino lehen sartuko direla hondeamakinak, “ziurrenik abuztuan” zehaztu du.
Alkateak adierazi du proiektu hau idazteko prozesu parte hartzaile bat izan dutela abian bizilagunekin , “jakiteko nola probestu ahalik eta gehien Belartzako mendi hegala”, esan du. Artiako bizilagunen bizi kalitatea hobetzea dela obra hauen xedea gaineratu du Labordak. “Batetik, ibilgailuentzako plazen arazoari erantzun nahi diogu, eta, bestetik, oinarrizkoa eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu pertsonentzako topaguneak sortzea, auzoarentzako kirol ekipamendu batekin” azaldu du alkateak. Aparkalekuak autoentzat ez ezik, motoentzat eta bizikletentzat tokia eskainiko du eta eremu urbanizatu bat ere izango du.
Oraintxe 47 autorentzako lekua dago Belartza inguruan, eta asmoa, 169 plazetara zabaltzea da. Hiru solairu izango ditu parkingak: lurpean bi solairu, eta hirugarrena, Belartzako hegaleko desnibelean. Aparkalekua erabiltzeko ordaindu egin beharko dela aurreratu du Labordak, “San Juango aparkalekuan edota San Migelgoan bezala, adibidez”. Bizikletaren gela erabiltzeko ere ordaindu egin beharko da, eta ordaintzen dutenek txartel bat izango dute bertara sartu ahal izateko eta Artiako bizilagunek edukiko dute lehentasuna.
Aparkalekuen plazak horrela egongo dira banatuta: 69 toki -2 solairuan; 67 toki -1 solairuan; 33 toki -1 sarrerako solairuan; 8 toki motoentzat; 2 gela bizikletak aparkatzeko; ibilgailu elektrikoak kargatzeko tokiak; eta mantentze eta instalazio gelak solairu bakoitzean. Sarbidea, Berroeta pintorea karrikatik izango da, eta irteera, berriz, Zurbaran kaletik. Era horretan, Irungo nahiz hiri kanpotik datorren trafikoa arinduko dela adierazi du Labordak.
Aparkalekuaren barne zirkulazioa norabide bakarrekoa izango da, azaleraren proportzioa “aparkatzeko tokietarako eta bide sistemarako optimizatze” aldera. Autoentzako plaza bakoitzaren zabaleran 2,60 eta 2,55 metro artekoa izango da. Mugikortasun gutxituen kasuan 3,60 metrotik gorakoak izango dira, eta alboko itxituraren ondokoak 2,80 metrokoak.
Ibilgailuentzako aparkalekua izateaz gain, sortuko duten estalkian jolas eta kirol erabilerarako espazio bat ere egongo da, hau da, parke publiko bat eraikiko dute. Lurpeko eremua eta haren gainekoa igogailu batek lotuko ditu, eta inguruaren albo guztietan zuhaitzak egongo direla ziurtatu du Labordak. Horrez gain, egungo Belartzako berdegunearen hegal bat luzatu egingo dute.
Alkatearen hitzetan, Arbesko eta Artiako bizilagunentzako kirol beharrak asetuko dituzte kanpoko instalazioek. Bertan, haurrentzako parke bat, saskibaloi kantxak, erabilera anitzeko gunean, ping-pongeko mahaiak edota parke bio osasungarriak jarriko dituzte.