Arraunlarien eskifaiak aurkezteko ekitaldia, igandean
San Joan egunaren bezperan aurkeztuko dituzte aurten uretan arituko diren hiru ontzietako taldekideak. Gainera, San Joan sua piztu eta kalitatezko mokadutxoak jateko aukera izango da.
Arraun denboraldia hastear da. Igande honetan izango dute lehenen hitzordua KAE1 ligan arituko diren Hondarribia Bko arraunlariek (Eusko Label eta Eusko Tren Ligak hilaren 29an abiatuko dira Coruñan). Pasai Donibanen izango dute estropada 12:25ean. Banakako erlojupekoa izango da, lau luzeratara jokatuko dutena.
Egun horretan bertan, arratsaldean, Hondarribia Arraun Elkarteak dituen hiru traineruen eskifaien aurkezpena egingo dute; ohitura den bezala San Joan egun bezperan izango da. Hondarribia A taldea Eusko Laben Ligan arituko da, eta emakumezkoen ontzia, berriz, Eusko Tren Ligan.
Aurkezpena 20:00etan hasiko da eta taldekideak banan-banan aurkeztu eta entrenatzaileek aurtengo denboraldietarako ipini dituzten helburu eta erronkak azaldu ondoren, jateko goxoa prestatuko dute. Hanburgesak, baserriko oilaskoa, garagardoa eta Ola Sagardotegiko sagardoa izango da aukeran.
Eguna amaitzeko Meakako Adixkideak Dantza Taldeak dantzaldia eskainiko du eta segidan, San Joan sua piztuko dute.