Udal gobernuaren urtebeteko jardunarekin kezkatuta dago EAJ
Udal hauteskundeak izan eta urtebetera, gobernu taldearen jardunaren inguruko balantzea plazaratu du EAJk.
Urtebete igaro da Abotsanitzek udal hauteskundeak irabazi eta agintea hartu zuenetik. Hamabi hilabeteren ondoren oposizioan dagoen talde nagusiak Gobernu Taldearen jardunaren inguruko balantzea plazaratu du.
Jeltzaleen aburuz, orain artean gobernu taldeak gauzatu dituen proiektuak, eta hortaz, “aurrerapen bakarrak” beren gobernuak bideratu zituen proiektu eta egitasmoak izan dira. Eta horiek gauzatu izanagatik “pozik” agertu diren arren, beste zenbait proiektuk “kudeaketan paralisia” izan dutela adierazi dute: HAPOren tramitazioaren, Santiago kaleko obraren edota Saindua Gaztelekuaren obraren kasuan, esaterako.
Aldi berean, gobernu taldea “estilo populista” duen eta herritarrak “engainatzen” dituen gobernua dela esan dute, eta horiek justifikatzeko lau argudio eman dituzte: “Etxebizitzarako, kiroldegirako, kontratazio publikoetarako, aparkalekurako, Kasino Zaharrerako, dibertsifikazio ekonomikorako edo Mendelu auzorako zituzten konponbide errazak ez dira gauzatu. Udal zerbitzu guztiak ere ez dira publiko egin, bere kargu politikoen eta konfiantzazko karguen soldata kostua estali du, eta talde eta pertsona batzuen gizalegearen aurkako ekintzak sustatzen ari da”.
Azken honen adibide gisa jarri dituzte pankartak, kartelak eta pintadak herrian zehar ugaritzeko “permisibitatea”: “Hondarribia ezker abertzalearen hiri ereduan bihurtu nahi dute, ustezko adierazpen askatasun baten aitzakian”.
Azkenik, jeltzaleen ustez, Abotsanitzek eta EH Bilduk osatutako gobernuak herritarrei “gauza politak” kontatzeaz gain, “pertsonei eragiten dieten gauza serio eta garrantzitsuen egoera” kontatu behar dute ere, hori baita haien ustez gardenago izatearen sinonimo.