San Juan plaza izango da San Joan gauaren ardatza
San Joan gaueko sua pizteaz gain, musika, erraldoiak eta buruhandiak gerturatuko dira arratsaldean. Urdanibia plazan, berriz, oholtza dardarka jarriko dute Apaga y Vamonos eta Kaotiko taldeek.
Igande honetan piztuko dira Irungo txoko askotan San Joan suak. Tartean, San Juan plazakoa, eta Cristina Laborda alkateak piztuko du lehen aldiz. Aurretik, baina, 19:00etan, San Juan zuhiatiza jarriko dute Irungo Txistulari Taldea giro alaitzen arituko delarik.
Zuhaitzaren proban ezingo dute 16 urtetik beherakoek parte hartu, eta ezingo dute ezta ere suaren bueltakoetan parte hartu ere ez. Gainontzean, udalak aditzera eman du zuhaitzera igotzea erabakitzen dutenen erantzukizunik ez dutela beraien gain hartuko, ezbeharrik gertatzekotan.
Ondoren, 19:30ean, haurren fantasiazko munduan eragitera irtengo dira erraldoiak eta buruhandiak. Kasu honetan, Alberto Anguera plazara gerturatu beharko dute zaleek, eta ibilbidea ohikoa izango da: Oiartzun, Hondarribia, Zubiaurre eta Geltoki kaleak, Kolon pasealekua, Foruan karrika, Karrika Nagusia eta San Juan plaza. Dantzan arituko diren erraldoi eta buruhandiak Bidasoako Erraldoiak eta Irungo Atsegiñarenak izanen dira. Haiekin batera Peña Poteo txaranga arituko da.
Jende guztia San Juan plazan biltzen denean, 20:45ean, aurreskua dantzatuko dute bertan Kemen Dantza Taldeko dantzariek, Irungo Txistulari Taldearen laguntzarekin. Segidan, 21:30ean, jaietako agur ofiziala egingo dute udaletxeko balkoitik, eta 21:45ean, Labordak San Juan plazako sua piztuko du.
Sua itzali gabe, Burrunba elektrotxarangarena izango da txinparta. 22:30ean San Juan plazaren inguruan ibiliko dira. Urdanibia plazan ere ez da girorik faltako, Apaga y Vamonos talde irundarrarena izango baita oholtza. Ondoren, 00:00etan, Kaotiko taldeak joko du.
Azkenik, 23:00etan, Santiagoko Deabruak-ek beren suen erakustaldia egingo du. Eliza kaletik aterako dira, Nafarroa hiribidean sartu, eta itzulbidetik, Eliza kalera bueltatuko dira. Bertatik, San Juan plazarantz joango dira Trumoiak ikuskizun piroteknikoa egitera. Parte hartu nahi dutenei gomendatu diete arropa bakeroa edo kotoizkoa erabiltzea, lepo itxia eta mahuka luzeak. Zapia, txapela eta oinetako malgu eta itxiak ere. Udalak aurreratu du ez duela inongo erantzukizunik hartuko bere gain ezbeharrik gertatzen bada.