Sagarduirekin bildu dira Igor Enparan eta Cristina Laborda
Hilaren 17an egin zuten bilera, eskualdeko egoera sanitarioari behin betiko konponbide bat aurkitzeko asmoz. Jarduneko sailburuak eskariari erantzun ez diola jakinarazi dute.
Cristina Laborda eta Igor Enparan, Irungo eta Hondarribiko alkateak, Gotzone Sagardui jarduneko Osasun Sailburuarekin bildu ziren iragan astelehenean. Eskualdeko egoera sanitarioari behin betiko konponbide bat aurkitzeko bildu ziren, eta orain artean, egin bezala, neurri zehatzak har ditzan eskatu zioten.
Batez ere, bi dira Bidasoko udalen eskakizunak: batetik, hirugarren abulatorioa eraikitzea, eta bestetik, Irungo lehen mailako arreta emateko, osasun etxeetan lan egiteko eta arreta emateko baldintza eskasei berehalako erantzun “irmoa” ematea.
Bileraren ondoren, ordea, gauzek berdin jarraitzen dutela egiaztatu dute. Azaldu dutenez, Sagarduik ez du eskariari erantzuteko pausorik eman, eta beraz, aurrerantzean gobernu berriarekin orain arteko ildoan lanean jarraituko dutela adierazi du Labordak.
Hondarribiko alkateak, berriz, agerian utzi du Irungo hirugarren anbulatorioaz gain, “ezinbestekoa” dela Bidasoako Ospitalearentzako hobetze inbertsioei lehenbailehen heltzea. Haren iritziz, hobekuntza horiek bloke kirurgiko berri batetik igaro behar dute, era horretan, eskualdeko hiritarrek “lurraldeko beste ospitaleetara mugitu behar ez izateko”. Aldi berean, Enparanek positiboki baloratu du ESIarentzat sortu den kontseilu soziala. Kontseilu horrek osasun sistemaren agente ezberdinen arteko informazioa eta elkarrizketa ahalbidetuko ditu.
Irungo Udaletik gogorarazi dutenez, 2015etik du prest udalak Oinaurren 10.000m2ko lursail bat, Irungo anbulatorio berria eraikitzeko erabili daitekeena. Gainera, duela urtebete inguru udalak sortutako hirigintza txostena Osasun sailari helarazi zioten. Txosten horrek Irungo erdialdeko anbulatorioaren lursailari buruzko xehetasunak jasotzen ditu eta hura 1.500m2 baino gehiago handitzeko aukera planteatzen du.