Musikaren Eguna dela entzun egingo da
Skola Musikeko ikasleek kontzertua eskainiko dute bihar (hilak 20); Udal Musika Eskolakoek, berriz, ostiral honetan (hilak 21).
Iragan asteburuan izan ziren Izaro eta Camelaren kontzertuak. Bigarrenarenean 15.000 pertsonaren bueltan bildu ziren San Juan plazan, eta Nuria Alzaga Kultura eta Hezkuntza ordezkariaren arabera, “harrera bikaina eta izugarrizko arrakasta” izan dute biek ala biek.
Ostiral honetan, baina, jaiak ofizialki hasiko dira eta musikak protagonista izaten jarraituko du Musikaren Nazioarteko Egunaren karietara. Txilibitu eta danbor hotsez gain, bestelako musika soinuena ere izango dira Irungo karrikak.
Batetik, bihar (hilak 20) kontzertua eskainiko dute Skola Musik eta Irungo Musika eta Dantza Eskolako ikasleek. Ohiko kontzertua da eta Urdanibia plazan izango da, 17:00etatik aurrera.
Bestetik, ostiral honetan (hilak 21) Irungo Udal Musika eta Dantza Eskolako 400 bat ikasleren txanda izango da. Alzagak adierazi du “oso berezia” izango dela jaia, askotariko emanaldiak eskainiko dituztelako. Horretan arituko dira bandako, orkestrako, eta abesbatzetako musikariak.