E30 zerbitzuaren inguruko hausnarketa egin du Abotsanitzek
E30 autobus zerbitzua martxan izango da bihartik aurrera. Abotsanitz Udal Taldeak albistea "pozgarria" dela uste badu ere, ordutegiarekiko zein jarraitasunarekiko kezka plazaratu du.
Abotsanitz Udal Taldearentzat “berri pozgarria” izan da Foru Aldundiak E30 autobus linea —Donostia Hondarribiko Aireportuarekin lotuko duen zerbitzua— martxan jarriko duela ezagutzea.
Orain artean turistek zein herritarrek E21 autobus linea zuten Donostiara joateko bide zuzen bakarra, eta horregatik, aireportuan geldialdia izaten zuen lineak. “E21ak gainezka egiten zuen maiz eta herritarrek pairatzen zituzten kalte horiek erlaxatu egingo dira teorian” adierazi dute.
Hilaren 20tik irailaren 30era izango da erabilgarri zerbitzu berria. Hortaz, urritik aurrera lehengo egoerara itzuliko dira herritarrak zein turistak. Zentzu horretan, aldundiari benetako apustu bat egin dezala eskatu dio Abotsanitzek, “etorkizunean linea horren jarraikortasuna urte osokoa izan dadin eta hondarribiarrok turismotik eratorritako kalteak pairatu ez ditzagun”.
Hortaz gain, ordutegiarekiko kezka azaldu dute ere. Izan ere, eguerdiko zein azken orduko hegaldiek ez dute E30 zerbitzurik izango. Karga hori E21ak hartuko du, eta horregatik, falta diren ordu tarteetan errefortzu handiagoa jartzea eskatu diote aldundiari.