"Palaren praktika eta aitortza emakumezkoetan sustatzeko" erakustaldia
Amaia Irazustabarrenak eta Maider Huizik (gorria), Leire Galdosen eta Garazi Eizmendiren (urdina) kontra jokatu zuten. Lehia Jostaldi Pilotalekuan jokatu zen.
Emeki elkarteren ekimenez larunbatean emakume palistek erakustaldia egin zuten. Amaia Irazustabarrenak eta Maider Huizik (gorria), Leire Galdosen eta Garazi Eizmendiren (urdina) kontra jokatu zuten Hondarribiko Jostaldi Frontoian. Epaile lanetan, berriz, Garbiñe Tijero aritu zen.
Hiru set-etara jokatu zuten partida eta hirurak talde gorriak irabazi zituen arren, partidaz partida fintzen joan ziren Galdos eta Eizmendi. Azkenean markagailua era honetan geratu zen: 12-4; 12-6 eta 12-8.
Elkartetik adierazi dutenez, lanean jarraituko dute “kirolak eta zehazki palak eskaintzen dituen aukeraz baliatuz, gizonezkoetan bermatuta dagoen ohitura, praktika eta aitortza, emakumezkoetan sustatzeko”.
Leire Galdos hamabost egunetik behin, asteartero, entrenatzen ibiltzen diren emakume palisten entrenatzailea da. Udan atsedenaldia izango dute, baina irailean, berriro ere, entrenamenduei ekingo diete.