IrunBuseko gidarien grebarekiko udalaren "interes falta" salatu du Elkarrekin Irunek
14 eguneko greba egiten ari dira eta aurretik hirutan saiatu dira langileak enpresarekin eta udalarekin elkartzen, arrakastarik gabe. Elkarrekin Irunek "kezkagarritzat" jo du egoera.
IrunBuseko gidariek 14 eguneko greba egiten ari dira. Iragan asteburuan egin dituzte lehen biak, eta gero, hilaren 22tik uztailaren 1era gainontzeko 12 greba egunak egingo dituzte. Hainbat dira egiten ari diren eskakizunak: Langileek 35 orduko lanaldia 35 ordukoa izatea, KPIa eguneratuko duen lan hitzarmen berria, eta gidarien segurtasuna bermatzeko neurriak galdegiten dituzte.
Elkarrekin Irunek berretsi egin du azpikontratatutako zerbitzuek ez dutela funtzionatzen. “Eredu honek enpresei mesede egiten die nagusiki, eta agintaldiaren hasieratik salatu dugun bezala, ez du funtzionatzen” adierazi du David Nuño koalizio moreko bozeramaileak.
IrunBuseko gidariek salatu dute udalarekin eta AUIF enpresarekin hiru aldetatik saiatu direla hitz egiten baina biek ala biek ukatu egin dietela solastatzea. Egora hau “kezkagarria” dela dio Nuñok. “Kezkagarria da erakutsitako interes falta udal zerbitzu bateko langileek egindako aldarrien aurrean” erantsi du bozeramaileak. Deitoratu du udalak soilik enpresarekin elkartu izana eta udalari egotzi diote udal programarik ez edukitzea.
Autobus gidariek segurtasuna bermatzeko hainbat eskakizun egin dituzte, hala nola, panikoaren botoia eta kamerak ezartzea. Elkarrekin Irunek uste du egingarria dela eta autobusetan egun topa daitezkeen pegatinetatik haratago joateko garaia dela iritzi dute. “Itsasgarriak oso ongi daude, baina aitzakia bat dela dirudi erabiltzaileei eta gidariei errua botatzeko, auzi honetan alde batera utziz udal gobernua” uste du Nuñok.
Lan orduei dagokienez, 35 orduko lan kontratua dute gidariek baina ordu gehiago egiten dituztela eta ordu horiek ordaintzen ez dietela salatu dute. Gatazka honen aurrean Elkarrekin Irunek baldintza agiri berria eskatu du erregistro ofizialaren bidez. “Oraindik ez gaituzte erantzun baina aurreratu dezakegu ez dagoela erantsita 35 orduko lanaldia eta alegatu egingo dugu gehitu dezaten” argitu dute.
Azkenik, azpikontratatutako ereduz aldatzeko udalak bestelako ereduak aztertu behar dituela diote. “Zerbitzu publikoak eskaintzaile onenari saltzen jarraitzen dugun bitartean, konponbide erraza duten arazoekin topatzen jarraituko dugu. Borondate politikoaren kontua da, eta herritarren zergek kostu horiek ordaindu behar dituztela ulertzea”.