Irun Ekintzanen aurtengo bide orria zehaztu dute
Irungo enpresen "lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzen jarraitzeko" urratsak finkatu dituzte. 1.463.397,75 euroko aurrekontua onartu dute
Urtero bezala, pasa den maiatzaren 14an bilera egin zuten Irun Ekintzan Irungo Garapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Itunaren kontseilu Nagusiak. Bilera horretan izan ziren Merkataritza mahaiak, Enpresa eta Ekintzailetzakoak eta Kualifikazio Laneratzerakoak, Cristina Laborda alkatearekin eta Miguel Angel Paez Hiri Bultzadako ordezkariarekin batera eta 2024rako bide orria adostu zuten.
Elkartze honek balio izan die ere abian diren ekintzen balantzea egiteko eta beste ekimen batzuk sustatzeko. Helburua, Irungo enpresen “lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzen jarraitzea” da. Aldi berean, lan merkatuaren beharretara egokitutako prestakuntza eta enplegua sustatzen jarraitzea onartu zuten eta lanik ez duten pertsonei eta lan aukera bat bilatzeko zailtasun gehigarriren bat dutenei laguntzea.
Hiru mahaien artean, 1.463.397,75 euroko aurrekontua onartu dute 2024ko ekintzetarako. Diru poltsa hau nagusiki jasoko dute Lanbidek, GFAk eta Next Gerenation funtsek finantzatzen dituen enplegu proiektuek.
Lander Beloki Mondragon Unibertsitateko zuzendaria bertan izan da eta hainbat proiektu nabarmendu ditu, hala nola, e-gaztea eta e-berritzailea, Eguerdi On Topaketak, Krea Bidasoa, Steam bokazioen bultzada. Bestalde, Lanbierekin izandako elkarlanari esker 2023an zehar 80 kontratazio baino gehiago egitea lortu zuten.
Mar Romo Irungo La Salleko zuzendaria mahai honen etorkizunaz aritu da: “Mahai honen etorkizuna pertsonen eta lan merkatuaren premia berrietara egokitzetik pasatzen da”. Romoren arabera, Irungo langabezia tasa “nahiko baxua” da, “zailtasun handienak dituzten pertsonen beharrei erantzun behar dugu, formakuntza hobetu eta erreminta berriak eman lan merkatu berrira egokitu ahal izateko” azaldu du.