Iñaki Navascues: "Hau ez da hasi besterik egin. Ez dago limiterik, ezta oztoporik ere"
Bikingo Eguna ospatu dute gaur Hondarribian. HS2 Surf Klubak antolatu du. Arratsaldean kirol egokituko zein Dragon Boat taldeko emakumeak izan dira protagonistak.
Irristatze kirolen jai handia izan da gaur. Jende andana bildu da egun osoan zehar Butroi pasealekuan Bikingo Eguna ospatzeko. Txapelketak, karting-a, ludoteka, azokak, erakustaldia, omenaldiak… ez da ezer falta izan. Goiza, batez ere, lehiaketena izan den bitartean, arratsaldeak omenalditik eta eskertzatik izan du gehiago.
Arratsaldeko lehen orduan, Iñaki Navascues, HS2 Surf Klubeko zuzendaria, eta Miren Zabala, klubeko kirol egokituko arduraduna, oholtza gainera igo dira. Bertatik arratsaldeko omenaldi zein erakustaldien berri eman dute.
Lehenik eta behin, ParaDragoian (Dragon Boat egokitua) parte hartu dutenei omenaldi bat egin diete. Marik, Mikelek, Ainhoak, Alexek, Davidek, Jaques-ek, Julenek, Marinak, Saioak eta Marianek lore sorta bana jaso dute. Jaques Txapartegik, guztien izenean, eskerrak eman dizkie antolatzaile guztiei “hau guztia antolatzeagatik”, eta aldi berean, HS2 klubari bihotzez eskertu dio kirol egokituko taldea sortzeagatik. Salto enpresarentzako ere esker oneko hitzak izan ditu: “gure babeslea delako, eskerrik asko kirol egokitua babesteagatik. Gora gu!”.
Ondoren, astelehenean aurkeztu zuten Dragon Boat-eko taldekideen txanda izan da. HS2 klubeko kideentzat zoriontasuna da bizitzan garrantzitsuena, eta beren helburua zoriontasuna kirolaren bitartez transmititzea da. Dragon Boat talde hau sortu izana beraz, helburu horri estuki loturik dago. “Bularreko minbizia jasan duten emakume asko zoriontsu egin nahi genuen” azaldu du Navascuesek. Baina taldea edonorentzat zabalik dagoela gaineratu du: “gizonak, emakumeak, bularreko minbizia gainditu dutenak eta izan ez dutenak ere”.
Taldekideak banan banan igo dira eta Endaneako diadema bana banatu diete. Segidan, haietako batek hartu du hitza: “Abentura bat izan da eta esperientzia ezin hobea izaten ari da. Eskertzekoa da klubeko kideei eta babesle guztiei, bestela hemen ez ginatekeelako egongo. Mila esker, eta luzerako izan dadila!
Amaitzeko Navascuesek honako hau hasiera dela erantsi du: “Hau hasi besterik ez da egin. Ez dago limiterik, ezta oztoporik ere!”
Ikus arratsaldeko zenbait argazki: