Txingudi Errugubi klubaren eguna, larunbatean
Klubaren egun berean, Biok Txingudi taldeak Euskadi zazpiko txapelketa jokatuko du eta hainbat jokalarik Euskadiko eta Gipuzkoako selekzioekin bat egingo dute.
Txingudi Errugbi klubak elkartearen eguna ospatuko du bihar. Talde guztiak bilduko dira elkarrekin denboraldiari agur esateko. Plaiaundiko instalakuntzetan hasiko da jardunaldia, arratsaldeko 16:00etan. Lehenik eskola izango da protagonista, gurasoek jokalarien aurka jokatuko baitute.
Ondoren, hirugarren denboraldira heltzerakoan, klubeko gainontzeko mailek hartuko dute berdegunea. Tokata txapelketa egingo dute. Parte hartzeko izena eman behar da eta zerrendako pertsona guztien artean taldeak osatuko dituzte, guztiak nahastuta. Egunaren amaieran sari banaketa eta zozketa egingo dute.
Euskadiko zazpiko errugbi txapelketa
Klubaren egun berean (hilak 15), Biok Txingudi emakumezkoen taldeak Jean Marc Haristoy txapelketan parte hartuko du. Euskal Herriko taldeak biltzen dituen lehia Kanbon jokatuko da eta eguerdiko 14:30etik aurrera Gaztediren, Getxoren eta Miarritzeko FARren aurka lehiatuko dira bidasoarrak. Emakumezkoen taldearentzat denboraldiko azken txapelketa izango da.
Euskadiko eta Gipuzkoako selekzioak
Larunbatean ere 16 eta 14 urte azpiko Euskadiko emakumeen selekzioek partiduak jokatuko dituzte. Eta bertan izango da Txingudi Klubeko Helene Tristan. Gipuzkoako selekzioak, berriz, Ordizian jokatuko du Haurugby txapelketan. Bertan izango dira elkarteko Justin Duarte, Giovani Ciurar, Jonathan Guerrero eta Mattin Petrikorena.
Igandean diabetes-aren alde
Plaiaundiko pistan 101km burutzeko erronka ezarri dio Ana Isabel Pineda korrikalariak bere buruari. Gipuzkoako Diabetes elkartearen aldeko iniziatiba da, eta Txingudi Errugbi klubak egitasmoarekin bat egin du. Indarrak ekitaldiaren antolakuntzan jarri ditu eta igandean bertan, erronka burutu bitartean bertan izango dira elkarteko ordezkariak edozertan laguntzeko prest.