"Talde seniorra mantentzeko harrobia elikatu dugu"
2019an sortu zen Txingudi Eskubaloi Kluba, emakumeek seniorrean ere joka ahal zezaten. Eskubaloian emakumeen parte hartzea sustatzeko lanean ari dira.
Atzo, Kirola Pareka(t)uz jardunaldia egin zuten Emakumeen Etxean. Bertan mahai baten bueltan elkartu ziren kirolean emakumearen parte hartzea sustatzeko lanean dabiltzan eragileak, hala nola, Kera eta Parean elkarteak Emakumeok Zast! proiektua ardatz; Oihana Zunzunegi, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikaria, Emakumeok Mugimenduan proiektua esku artean; eta Arantxa Arzak, Txingudi Eskubaloi Klubeko arduraduna eta Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko Emakumezkoen sustapen arduraduna. Hausnarketarako plazan izan berri den Arzakek azken urteetan emakumeen eskubaloia sustatzeko egindako lanaz aritu da.
Emakumeak eskubaloian aritzeko, zeintzuk dira azken urteetan emandako pausuak?
Alde batetik, aldunditik horretarako lanean ari gara. Bestetik, Txingudi Eskubaloi Klubetik. Kluba 2019an jaio zen, eta hazia neska talde batek egindako planteamendua izan zen. Izan ere, neska horiek ezin zuten eskubaloian jokatu Senior kategoriara iristen zirenean. Ez zegoen aukerarik, eta Irunen beste eskubaloi klub bat sortzera animatu ginen. Asmoa, neskak 18 urtera iristen direnean inguruan eskubaloian jokatzeko aukera ez bukatzea izan da. Era berean, kirol eta eskubaloi femeninoa landu nahi izan ditugu, eta indar gehiago eman gaiari.
Nondik hasi zineten lanketa egiten?
Gipuzkoako Federazioarekin hasi nintzen lanean, eta, iaz, berreskuratu egin genuen Gipuzkoako eskubaloiari buruzko ikerketa bat, aldundiak enkargatu zuena pandemia aurretik. Ikerketa horrek alderatu egiten zuen gizonen eta emakumeen parte hartzea eskubaloian. Kategoriaka, adinka eta estamentuka zegoen bereizita, eta argazki orokor baten berri izateko balio izan zigun. Orduko argazki horretan ikusi genuen kategoria guztietan mutiko gehiago zirela neskak baino. Kategorietan gora egin ahala, arrail edota diferentzia nabarmenagoa zen. Aldi berean, nabarmendu egiten zen Gazte Mailara iristean eskubaloia baztertzeko tasa oso altua zela nesken artean.
Ikerketa horretan ere ikusi genuen emakume jokalariak ordezkatuta zeudela eskubaloian, nahiz eta gizonak baino gutxiago izan. Baina, adibidez, entrenatzaile, arbitro eta zuzendari emakumeen presentzia oso txikia da. Zuzendaritza batzordeetan emakumeak daude, baina ez botere postuetan.
Emakumeak eskubaloian segitzeko zein dira emandako pausuak?
Asko dago egiteke, eta berdintasun aholkulari batek eta aldundiak lagundu digute. Lehenik, federazioan berdintasun plan bat egiten hasi ginen, eta hamaika ekintza zehaztu ziren lau urtean egitekoak. Hortik, eraso matxistak prebenitzeko protokolo bat idatzi zen, eta formazio saioak egiten aritu gara. Horren harira ohartu gara perspektiba handiagoarekin begiratzen dugula orain arrakala, eta gauza asko daudela egiteke. Ezin dugu kolpe bakarrean problematika guztia konpondu, eta poliki-poliki joan behar gara gauzak aldatzen.
Egun zenbat talde ditu Txingudi Eskubaloiak?
Talde seniorra mantentzeko harrobia elikatu dugu. Pandemiak harrapatu, eta zaila izan zen haurrekin lan egitea. Baina, aurten, Haur Mailako taldea sortu dugu, eta eskolekin lanean hasi gara ere bai. Behetik gora aritu gara denboraldi honetan; oroitu behar da goitik behera hasi ginela.