Irungo Udalak ez du onartu Israelekin harremanak mozteko mozioa
Hego Euskal Herriko 30 udalek onartu dute, eta onartu ez duten udalen artean dago Irungo Udala. Besteak beste, Israelgo gobernuarekiko harreman guztiak etetea eskatzen du mozioak.
Argia hedabideak jakinarazi duenez, Irungo Udalak ez du onartu Israelekin harremanak etetearen aldeko mozioa. Aldiz, Hego Euskal Herriko 30 udalek bai onartu dutela. Mozio honekin Palestinako herriari laguntzeko eta lurralde erantzukizunak hartzeko konpromisoa hartzea proposatzen zen eta mozioaren bultzatzaileak Palestinarekiko Erantzukizuna Plataforma izan da. Hego Euskal Herriko 46 mugimendu, elkarte, sare sindikatu, asanblada, talde feminista eta espaziok lagundu diote plataformari.
Irungo Udalak ukatu dituen konpromisoak honako hauek dira: egiturazko arrazoia okupazio koloniala eta apartheida direla salatzea, noranzko biko enbargo militarra eskatzea eta Sionismoarekiko lankidetza militarreko eta segurtasuneko programa guztiak etetea, Israelgo gobernuaren eta bere arduradunen aurkako zehapen-programa bat hastea eta harreman diplomatikoak etetea nazioarteko zuzenbidea bete arte, eta Israelgo gobernuarekiko harreman instituzional guztiak etetea, behin betiko su-eten iraunkorra izan arte, giza eskubideak bermatu arte eta nazioarteko zuzenbidea errespetatu arte.
Mozioa onartuez duten 5 udalak honako hauek dira: Artea, Barakaldo, Irun, Urduña eta Gasteiz. Onartu dituztenak, berriz, honako hauek: Agurain, Aiara, Aramaio, Arantzazu, Areatza, Aretxabaleta, Arrigorriaga, Artziniega, Aulesti, Asparrena, Bergara, Dima, Donemiliaga, Alegria-Dulantzi, Erriberagoiti, Eskoriatza, Igorre, Iruraitz-Gauna, Kanpezu, Legutio, Lemoa, Munitibar, Oiartzun, Ondarroa, Oñati, Ordizia, Orereta, Tolosa, Trapagaran, Urkabustaitz, Zaldibia, Zalduondo, Zeanuri, Zeberio eta Zuia.