Irungo Kulturaren Plan Estrategikoa berritzea eskatu du EAJk
24 urte daramatza aktibo eta ez dela ez "amortizatu, burutu eta egokitu" salatu du EAJk. Plana eguneratzeko eskaera egin dute.
Irungo Kultura Plan Estrategikoa 2000. urtetik dago indarrean eta EAJk salatu du plana ez dela “amortizatu, egin eta egokitu”. Azken osoko bilkura kreditu aldaketak egitekoa izan zen eta EAJk Plan Estrategiko hau berritzeko proposamena eraman zuen, baina ez zen onartua izan.”Ezezko biribila jaso genuen, ulertezina guztiz”, diote jeltzaleek.
Berriro egin dute hura berritzeko eskakizuna eta bertan zein izango den norabidea, zein izango diren kulturaren inguruan hirian dauden printzipioak, zeintzuk diren bete nahi diren helburuak, jarraitu beharreko estrategiak eta lortu beharreko jomugak zehaztea galdegin dute. “Kultur politika horiek lantzeko eta kudeatzeko laguntza eta partaidetza mekanismoak etengabe garatzeko beharra eskatzen du”.
EAJk Irungo kulturaren egoeraren gaineko azterketa egin du, eta hiru gizarte etxeak ez direla gauzatu azaldu dute. Etxe horietan hainbat zerbitzu jartzea zen asmoa, hala nola, liburutegia, hemeroteka, ekitaldi eta hitzaldi areto txikia, erakusketa aretoa, bilketarako lokal balio aniztunak, jardueretarako lokal balio aniztunak, ludoteka, irakurketa gunea, gazte eremua edota erretiratuen etxea.
Hiru gizarte etxeak ez burutzeaz gain, indarrean dagoen Kulturaren Plan Estrategikoan islatzen ez diren proiektu estrategikoak martxan dituela udalak deitoratu dute. Era berean, plan estrategikoan agertzen diren eta osatu gabe dauden helburuak ezarrita daude. “Nola liteke?” galdetu dute.
Azkenik, kulturaren plan estrategikoa kultur eragileen zein herritarren parte hartzearen bidez osatu behar dela azaldu dute, eta nolakoa izatea nahi duten zehaztu dute: “Kultura sendoa nahi dugu, kultura plurala, gure nortasun indibidual eta kolektiboa islatzen duen kultura, kalitatezko kultura, Irungo gizartearen aberastasunaren mailan dagoen kultura”.