Haurtzaroaz, nerabezaroaz eta gaztaroaz ikertzeko beka eska daiteke jada
Gazteartean beka 35 urtetik beherakoentzat da eta urriaren 4a baino lehen aurkeztu behar dira ikerketa proposamenak.
Gazteartean bekaren seigarren edizioa aurkeztu du gaur Irungo Udaleko Gazteria zerbitzuak. Ikerketarako beka da eta proiektu baten garapena sustatzen du. Helburua, haurtzaroa, nerabezaroa edota gaztaroa gaitzat hartuta, 35 urtetik beherako herritarren ikerketa lana bultzatzea da. Lanak aurkezteko epea urriaren 4an bukatzen da eta HAZen edota HAZeko egoitza elektronikoaren bitartez egin behar da.
Esleipena jasoko duenak 8.000 euro jasoko ditu eta gehienez 8 hilabetetan burutu beharko du lana. Azken emaitza edo entregatu beharrekoa hainbat formatu proposamenetan aurkez daiteke: proiektua bera, prozesua edo ekintza, hala nola, dibulgazioko materiala, lankidetza proiektuak edota parte hartzaileak. Beka eskatzeko ezinbestekoa da unibertsitateko gradua edo lizentziatura edukitzea. Halaber, 35 urte baino gutxiago eduki behar dira, abenduaren 31rako.
Aurkezten diren lanen artean nabarmendu egingo dituzte erabilitako metodologiaren originaltasuna eta berrikuntza, baita hausnarketarako prozesuak integratzea ere, gazteak esperimentatuz eta partekatuz ikas dezaten.