Badator irristatze kirolen jaia; badator V. Bikingo Eguna
Goiz zein arratsalde festak ez du etenik izango. SUP eta Surf Ski lasterketa, Dragon Boat erakustaldia, haurrentzako jokoak, merkatarien azoka eta beste hainbat jarduera bilduko ditu.
Urtero bezala Butroi pasealekua izango da Bikingo Egunaren topalekua. Goizean goiz hasiko da irristatze kirolen jaia. 09:30etik 10:30era SUP eta Surf Ski modalitateetako lasterketan parte hartzeko izen emateak zabalduko dituzte. 11:00etan lasterketaren inguruko xehetasunak emango dituzte (Briefing). 11:40ean SUP Txikiren eta SUP egokituaren irteera izango da eta segidan, (12:50ean) SUP zein Surf Ski lasterketei irteera emango zaie. Lehia guztiak amaitzerakoan, 14:00etan, sari banaketa egingo dute eta amaitzerakoan partaide guztiek bazkaltzera joateko tartea izango dute 14:30etatik 17:00ak arte.
Arratsaldean ere festak ez du etenik izango. 17:00etan abiatuko dute eguneko azken txanda (Surf Skate lehiaketa). 17:45ean Dragon Boat taldearen erakustaldia egingo dute.
Egun osoan zehar haurrei zuzenduriko jokoak, karts-ak, margotzeko txokoa, globoflexia eta beste hainbat jarduera eskainiko ditu HS2ko ludoteka taldeak. Aldi berean, egun osoan zehar merkatarien azoka egongo da.