Patxi Ezkiagari Irun Hiria sariak kentzea eskatu du Elkarrekin Irunek
Ezkiaga pederastia kasuengatik salatu berri dute eta Legorretako Udalak goraipamen guztiak kendu bezala, Irungo Udalak eta Kutxa Kultur Fundazioak ere hala egitea eskatu du Elkarrekin Irunek.
Patxi Ezkiaga idazleak La Salle kongregazioko kide zelarik sexu abusuak egin zizkiola salatu dute Marisol Zamorak eta beste hiru emakumek. Hargatik, Legorretako Udalak goraipamen guztiak kendu dizkio Ezkiagari eta Elkarrekin Irunek Irunen bide berbera segitzea nahi du. Hala, Irungo Udalari eta Kutxa Kultur Fundazioari eskatu diote Ezkiagak 1985ean, 1986an eta 1999an irabazitako Irun Hiria sariak kentzea.
David Nuño koalizio morearen bozeramaileak adierazi du udalak ezin duela “besoak gurutzatuta” gelditu eta Thania Pazos udalbatzako kideak erantsi du Irunen izena ezin dela lotuta egon pederastiagatik akusatuta dagoen izen batekin. “Legorretako Udalaren irmotasunarekin bat egiten dugu eta Ezkiagak Irunekin inolako loturarik ez izatea eskatzen dugu. Ez zuzenean ezta zeharka ere ez” azaldu du Nuñok.
Elkarrekin Irunek dio horrelako albisteak “kondenatu eta baztertu” egin behar direla eta egoera bakoitzak eskatzen duen bidean erantzun behar dela. Horretarako, udalak bere eskura dituen erremintak erabiltzeko eskatu dute. “Ez da alde batera begiratzeko momentua edota pilota besteen teilatura botatzekoa. Ekintza sendoak behar ditugu”.