Ilcapo Hondarribiak entrenatzaile berria du
Hugo Sanchezek hartuko du Diego Lorenzoren lekukoa. Irundarrak Eñaut Uruñuela eta Yon Gomez izango ditu laguntzaile.
Ilcapo Hondarribia taldeak talde tekniko berria osatu du. Hala jakinarazi dute Bidasoa Eskubaloi klubak eta Hondarribia Eskubaloi klubak. Hugo Sanchez izango da Ilcapo Hondarribia taldeko entrenatzaile berria eta alboan izango ditu Eñaut Uruñuela eta Yon Gomez, bigarren entrenatzailea eta atezainen entrenatzailea, hurrenez hurren.
Diego Lorenzoren lekukoa hartuko du Sanchezek (Irun 1989). Hondarribira heldu baino lehen Amenabar Zarautz ZKE taldearen entrenatzailea izandakoa da, 2018/2019 eta 2021-2022 denboraldietan. Aldez aurretik, 2014 eta 2020 bitartean, Euskadiko Eskubaloi Federazioko zuzendari teknikoa izan zen. Gainera, emakume kadeteen hautatzailea izandakoa da ere eta 2013/2014 denboraldian Bidasoa Irun taldeko bigarren entrenatzailea izan zen.
Eñaut Uruñuela (Irun 2000), berriz, Bidasoa Eskubaloi klubeko sekzio femeninoko koordinatzaile teknikoa izendatu dute, duela ezer gutxi, eta aurrerantzean, Sanchez-en eskuin eskua izateaz gain, jokalari gisa arituko da ere. Azkenik, Yon Gomez (Irun 2000) Bidasoa Eskubaloi klubeko kategoria guztietatik igarotakoa da eta orain, atezainen entrenatzaile rola hartuko du.
Bidasoa Eskubaloi klubetik eta Hondarribia Eskubaloi klubetik esker ona adierazi diote Diego Lorenzori entrenatzaile gisa aritutako bi urte hauetan erakutsi duen konpromiso eta inplikazioagatik.