Hondarribian ere gorantzko joera izan du EH Bilduk
Europako hauteskundeak igaro berri, Hondarribiko EH Bilduk azken hauteskunde zikloan lortu dituen datuen hausnarketa egin du, eta eskerrak eman dizkie koalizio subiranista bozkatu duten guztiei.
Azken urteotako hauteskunde zikloa Europako hauteskundeekin itxi zen iragan igandean (hilak 9). Zenbait egun beranduago Hondarribiko EH Bilduk lorturiko emaitzen inguruko hausnarketa egin nahi izan du.
Azken lau hitzorduetan —2023an udal hauteskundeak maiatzean, eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeak uztailean; aurten, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilean, eta Europako Parlamenturako hauteskundeak iragan igandean— koalizio subiranistak Hego Euskal Herrian izan dituen emaitzak “ikaragarriak” izan dira EH Bildurentzako: “Hauteskundez hauteskunde boto kopurua gora joan da eta Euskal Autonomia Erkidegoan lehen indarra izatera iritsi gara azken hauetan”.
Erkidegoan bezalaxe, Hondarribian ere bilkideek gora egin dute. 2023ko Foru hauteskundeetan (2019koekin alderatuta) %5,4ko igoera izan zuten; Estatu mailako hauteskundeetan %7,08ko igoera; 2024ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan %6,87koa (2020koekin alderatuta); eta Europako hauteskundeetan, berriz, %6,54ko igoera.
Tendentzia horri esker, EH Bildu sortu zenetik lehen aldiz, Legebiltzarrerako hauteskundeetan herriko sei mahaietan lehen indarra izatea lortu zuten: Alde Zaharrean, Puntalen, Amuten (bi mahaitan), Arkolla-Muliaten eta Mendelun. Emaitza horiek azken hauteskundeetan egonkortu egin direla adierazi dute talde politikotik. “Mendelun ez ezik, beste guztietan mantendu da eta Alde Zaharrean eta Puntalen bi mahaitan irabazi dugu”.
Udal hauteskundeei erreparatuz gero, talde txikiena izan arren, bi zinegotzi lortu zituztela gogorarazi dute, eta ondorioz, Abotsanitzek alkatetza lortzeko giltzarri bilakatu zirela. Egun gobernukide ere badira eta EH Bilduren printzipioei jarraiki lan egiten jarraituko dutela adierazi dute.
Honengatik guztiagatik, eskerrak eman dizkiete EH Bildu bozkatu duten guztiei, baita ere aipatutako emaitzak lortzea posible bihur zitezen lanean ibili diren kide guztiei ere.