Gipuzkoako lehen Dragon Boat taldea, uretara
HS2 elkarteak sortutako taldea da eta 27 emakumek osatzen dute: bularreko minbizia gainditu dutenak, eta minbizia pasa ez duten arren bide horretan lagundu nahi duten emakumeak.
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Gipuzkoako lehenengo Dragon Boat taldea. Bularreko minbizia gainditu duten emakumeek osatzen dute taldea batik bat, baina bada minbizia izan ez baina taldera batu eta elkarrekin arraun egin nahi izan duenik. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Hondarribiko Udalaren eta lurraldeko minbizien aurkako elkarteen (Inurri, AECC, Katxalin, Asgicer eta Bularreko Minbizi Metastasikoaren elkartea) laguntza jaso du.
HS2 2011n sortu zen eskualdean irristatzearekin zerikusia zuten kirolei bultzada bat emateko: Sup-a, Skate-a… Baina urteak joan ahala elkartea kausa sozialera bideratu nahi izan zuten ere. Orduan, Miren Zabala batu zen proiektura. Zabala kirol egokituan profesionala da eta haren bidez pertsonen inklusioan lan handia egin dute. Zentzu horretan, “ontzi hau uretako ekintza inklusiboena” dela esan zuen Iñaki Navascuesek, HS2 elkarteko zuzendariak. Duela zazpi urte Pontevedrako elkarte bateko kideak ontzi bat erostera etorri ziren Hondarribira eta Dragon Boat-az hitz egin zioten. Ordutik, halako ontzi bat eskuratzeko nahia izan du Navascuesek. Iazko urrian donejakue bidea egin zuen bizikletaz Elena Hurrakarekin batera, finantziazioa lortzeko eta proiektua ikustarazteko asmoarekin. Hura “oso ondo” atera zela azaldu zuen aurkezpenean, proiektua ikustaraztea lortu baitzuten.
Donejakue bidea egin ondoren Hondarribiko Udalarekin bildu ziren eta hasieratik bat egin zuen proiektuarekin. Lupe Queiruga Kirol zinegotziak azaldu zuenez, hasieratik “oso proiektu interesgarria” zela ikusi zuten. Batetik, minbizia duten pertsonen irudia aldatu behar dela uste dutelako: “Ikustarazteko ez direla etxean geratzen diren pertsonak baizik eta oso aktibo direla gizartean, beren minbiziak uzten dietenaren arabera”. Eta beste alde batetik, minbizian “izugarrizko” genero arrakala dagoela uste dutelako: “Izan, ekonomikoa, medikua… baina nabarmenena zaintzarena da”.
Horrelako ekintzek minbizia duten pertsonek beren burua lehenestea ahalbidetzen dutela iritzi du ere, “hain garrantzitsuak diren norberarentzako espazioak eraikiz”. Eta “sareak eraikitzearen garrantzia hor dugu ere” gehitu zuen zinegotziak. “Gaixotasuna bakardadean, ezkutuan edo mozorrotuta eraman behar zen iraganean. Minbizia gaixotasun indibiduala da, baina era kolektiboan irakurri daitekeena. Gaixoei planteatzen zaizkien erronkak, zailtasunak, krisiak, arrakalak edo gabeziak amankomunak direlako. Erortzen garenean sareak eutsi egiten gaitu eta elkarrekin arraun egiteak sareak eraiki era irakurketa kolektiboa egitea ahalbidetzen du”. Zentzu horretan, maiatzeko osoko bilkuran onartu zen kreditu aldaketan 3.000 euroko partida bat gehitu zuten “HS2 elkarteari Dragon boat honen erosketan laguntzeko”.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izatea, ordea, zertxobait gehiago kosta zitzaiela onartu du Eider Mendoza Gipuzkoako Aldun Nagusiak: “Iñakik eta nik badugu zerbait amankomunean eta da insistentzialistak garela”. Asko insistitu ondoren aldundia HS2rekin harremanetan jarri eta proiektuari bultzada eman zioten. Mendozaren ustetan balore asko dauzka proiektuak: “Haien artean sortzen den giroa, elkarlanarena, komunitatea sortzearena, ohitura osasuntsua eta aldi berean, bisibilizazioarena. Horrek duen indar guztiarekin”.
Biziki onuragarria
27 emakumek osatzen dute taldea eta astero astero elkartzen dira entrenatzeko. Dragon boat-ak onura asko ditu, baina ebakuntza ondoko prozesuan batez ere, oso lagungarria dela azaldu zuen Navascuesek: “Gu ez gara medikuak ezta psikologoak ere, gu gara esperientzia positiboak errazten dituztenak. Baina ikerketa medikuek diotenez arraunarekin alderatuta arraunketa hawaiarra ebakuntza ondoko prozesuan lagungarria izan daiteke bularreko bizkarreko eta eskapulako muskuluak indartzen laguntzen duelako”. Gainera, taldeko emakume batzuei beren medikuek jada hobekuntza nabaritzen ari direla esan dietela nabarmendu zuen, eta horregatik oso pozik agertu zen. Azken batean hori baita helburua.
Aurkezpenaren ondoren Eider Mendoza eta Maite Peña, Zeinketa eta Gizarte politiketako diputatuak, entrenamenduan parte hartu zuten.