Ikasleak kalera irtengo dira Irungo memoria historikoaz ikastera
Ihes gela baten dinamikari segika, Irungo zazpi memoria gunetan barrena ibiliko dira Eguzkitzako eta Toki Alaiko 4. DBHko ikasleak.
Irungo historia ikasteko proposamen pedagogiko berri baten berri emateko agerraldia egin dute gaur Nuria Alzaga Memoria Historikoko ordezkariak, Gorka Añibarro Euskapeko jabeak eta Eguzkitza BHIko ordezkariek. Izan ere, Toki Alai eta Eguzkitza BHIko 172 ikaslek hartuko dute parte.
Memoria historikoa lantzeko kalera irtengo dira DBH 4ko ikasleak. Helburua, memoria historikoaren gainean kontzientziatzea da, logika, orientazio eta abileziako jokoen bitartez. Horretarako intereseko zazpi gune ezagutuko dituzte eta batetik bestera pasatzeko bizkortasuna, logika eta abilezia mentaleko zenbait proba gainditu beharko dituzte, ihes gela baten gisan. Saio hauek hilaren 11n, 13an, 18an eta 20an egingo dira eta bi orduko iraupena izango du bakoitzak.
Guneak honako hauek dira: Zentro errepublikanoa, Irungo kasinoa, Irungo udaletxea, Olaberriko kanala, Maritxu Anatol kalea, Gal estadioa eta Etorbidearen nazioarteko zubia.