EAJ irabazle Europako hauteskundeetan, eta EH Bildu hurbil
Botoetan gainbehera handia izan arren, EAJk irabazi ditu Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak Hondarribian. EH Bildu jeltzaleetatik 175 bozetara gelditu da.

Atzoko Europako Parlamenturako hauteskundeetan EAJ izan zen garaile Hondarribian 2.006 botorekin, eta bigarren indarra EJ Bildu izan zen, 1.831rekin. Haien ondotik PSOEren hautagaitzak jaso zuen babes gehien, 1.512 boto lortuta. Gainerakoan, PPk hazkunde handia izan zuen aurreko Europakoekin (2019koak alderatuta). Aipatzekoa da, %1ekoa baino babes handiagoa jasotako alderdien artean eskuin muturreko bi izan zirela atzokoan Hondarribian, Vox eta Bukatu Da Festa.
Emaitzen analisia sakonduz, EAJk, 2019ko bozekin alderatuta, boto galera oso nabarmena izan du. EH Bilduk, PSOEk eta PPk, berriz, eta nahiz eta abstentzio tasa altuagoa izan, gora egin dute botoetan, beraz, portzentaietan ere bai. Podemosek eta Sumarrek lortutako botoek ez dute 2019an Unidas Podemosek eskuratutako emaitzetara iristerik izan.
Altua izan zen abstentzioa atzokoan. Herrian botoa emateko eskubidea zuten 13.534 herritarren artetik erdia baino gehixeago joan zen hauteslekuetara, abstentzio tasa %49,63koa izan zelako. Europako Legebiltzarrerako hauteskundeen abstentzio maila %35,01ekoa izan zen herrian 2019ko aurreko hauteskundeetan. Kontuan hartzekoa da 2019ko hauteskunde horiek, udal eta foru hauteskundeekin bat egin zutela.
Jarraian, atzoko emaitzen zerrenda (%1eko boz kopurua lortutako alderdiena), eta parentesi artean 2019ko emaitzak.
- EAJ (CEUS hautagaitza): 2.006, %29,52 (3.671, %43,6)
- EH Bildu (Orain Errepublikak hautagaitza): 1.831, %26,94 (1.740, %20,41)
- PSOE: 1.512, %22,25 (1.179, %13,83).
- PP: 596, %8,77 (308, %3,61).
- Sumar: 234, %3,44 (2019koetan ez ziren aurkeztu).
- Podemos: 206, %3,03 (930, %10.91).
- Vox: 142, %2,08 (82, %0,96).
- Bukatu Da Festa: 104, %1,52 (2019koetan ez ziren aurkeztu).
Hondarribiko emaitzen koadro osoa ikusteko, klik egin hemen.