Euskadiko Traineru Txapelketan Hondarribia hirugarren
Hondarribia Arraun Elkarteko emakumezkoek XIII. Lekeitioko Ikurriña bereganatu zuten eta Hondarribia B-ko mutilak bosgarrenak izan ziren. Elkarteko txikienek ere emaitza bikainak lortu dituzte Euskadiko Aulki Mugikorreko Txapelketan.
Asteburu honetan Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban izan dira Hondarribia Arraun Elkarteko arraunlariak. Larunbatean XIII. Lekeitioko Ikurriña eta Euskadiko Aulki Mugikorreko Txapelketak jokatu ziren. Igandean, berriz, Euskadiko Traineru Txapelketaren txanda izan zen.
Lekeitioko Ikurriña
Hondarribia Arraun Elkarteko emakumezkoek garaipena eskuratu zuten Lekeition. Lehia oso estua izan zuten zumaiarren aurka. Ziabogan hiru segundo aurretik ziren gorriak, eta poparian ere fin aritu ziren arren, berdeak lehenengo kaleko olatuak aprobetxatuz gutxinaka gerturatzen hasi ziren. Azken txanpan, hortzak estututa, koxka bat aurrerago helmugaratu ziren hondarribiarrak. Bi traineruen arteko aldea ez zen segundo batera ailegatu. Laugarren kalean aritutako Hibaika izan zen hirugarren 11:32 denborarekin. Ikus sailkapen osoa.
Gizonezkoetan Hondarribia B bosgarren helmugaratu zen. Bigarren eta ohorezko txandako traineruk izan ezik, gainontzeko traineruak binaka irten ziren erlojupeko modalitatean. Eguneko lehen ordutik eguraldia petraltzen joan zen, eta azken txandarako haizeak nabarmen egin zuen gora. Hala, ezustekoan nagusitu zen Zarautz 20:50eko denborarekin eta segidan izan ziren Portugalete (21:16), Santurtzi (21:18), Bermeo (21:22)eta Hondarribia (21:30). Ikus sailkapen osoa.
Euskadiko Txapelketa
Igandean Hondarribia A taldeko arraunlariek brontzezko domina eskuratu zuten Donostian jokatutako Euskadiko Traineru Txapelketan. Arraun egiteko kondizio kaxkarrak izan zituzten arraunlariek. Haizea, euria, itsaso txarra, eta behelainoa izan ziren eguneko protagonistak. Hargatik, binaka irten ziren erlojupeko modalitatean. Talde guztiek arazo ugari izan zituzten: ipurdiko tostak eta arraunak hautsi zituzten, olatuak ontzi barrura sartzen zitzaizkien, traineruak urez betez, eta ontziak kontrolatzeko marken (hankekoen) laguntza ezinbestekoa izan zuten patroiek. Itsasoaren kontrako borroka latzaren ondoren Hondarribiarrak hirugarrenak izan ziren (24:48.03). Euskadiko txapela Bermeok jantzi zuen (23:38.99) eta zilarra Zierbenaren esku (24:10.25) geratu zen. Ikus emaitzak osorik.
Aulki Mugikorra
Aulki mugikorrari dagokionez, larunbatean Euskadiko Txapelketa jokatu zen Legution. Elkarteko gazteenak eta beteranoen ontzi bat izan ziren bertan. Emaitza bikainak eskuratu zituzten bertaratu ziren 70 arraunlariek: 5 brontzezko, 7 zilarrezko eta 6 urrezko dominekin itzuli ziren etxera.