Dominen eta marka pertsonalen festa
Indibidualki zein taldean emaitza bikainak eskuratu zituzten BATeko atletek Gipuzkoako Absolutu Txapelketan. Gizonezkoetan Ander Anglada eta emakumezkoetan Alazne Garrido nabarmendu ziren.
Europako Atletismo txapelketak jokatzen ari diren honetan [Roman jokatzen ari dira eta hilaren 12an bukatuko dira], etxean ere txapelketa garrantzitsu bati heldu zioten Bidasoa Atletismo taldeko atletek. Asteburuan Anoetako Udal Miniestadioan Gipuzkoako Absolutu Txapelketak jokatu ziren eta kirolariek, indibidualki zein taldean, emaitza bikainak eskuratu zituzten. Kolore guztietako 20 dominekin itzuli ziren etxera.
Gizonezkoetan Ander Anglada izan zen protagonista. 800 metroetan 1:54,13 minuturekin urrea eskuratu eta haren burua kategoriako onenen artean kokatu zuen.
Joaquin Alonsok, Ander Aramendik eta Aritz Zuazok zilarrezko dominak eskuratu zituzten. Alonso 400 metroetan aritu zen. 48,78 segundorekin inoizko marka onena egin eta Espainiako Txapelketan (20 urte azpikoetan) parte hartzeko txartela eskuratu zuen. Aramendik 5.000 proban parte hartu zuen (14:52) eta Zuazok 1,85 metro saltatu zituen altuera jauzian.
Brontzezko dominak bost izan ziren. Beñat Mikelarena 100 metroetan lehiatu zen eta 10:99ko denborarekin Espainiako Txapelketan (20 urte azpikoetan) aritzeko eskatzen duten gutxieneko denbora egin zuen. Ioritz Labandibarrek, berriz, 400 metroetan parte hartu zuen 50,15eko denborarekin hirugarren postua eskuratu zuen. Joseba Larzabalek 5.000etan brontzea eskuratu zuen, Ander Aramendi taldekidetik segundo batera (14:53). Iker Anglada hirugarrena izan zen 800 metroetan (1:55,77), eta azkenik, Rafael Caseauk brontzea zintzilikatu zuen jauzi hirukoitzean 12,40ko saltoarekin.
Emakumezkoetan asteburuko protagonista izan zen Alazne Garrido. Urrezko bi domina bere egin zituen. Lehena 400 metroetan izan zen (56,78) eta bigarrena 400 metro hesietan (1:01,17). Urrea lortu zuten ere Izaskun Sanz-ek eta Naia Llorentek. Sanz 800 metroetan lehiatu zen (2:20,85), eta proba hasi eta buka lideratu zuen. Llorente, berriz, fin aritu zen altuera jauzian. 1,64 metroko jauzi batekin lehen postua lortu zuen.
Alaine Agueralde 400 metroetan aritu zen, eta Garridoren atzetik (1:02,98) zilarra bere egin zuen. Eunate Martinezek zilarra lortu zuen ere. Kasu honetan, altuera jauzian izan zen. (1,55 metro).
Azkenik, brontzea eskuratu zuten Eider Alzagak eta Mariena Berazak. Alzagak 100 metro hesien proban (16:01) eta Berazak 400 metro hesietan (1:07,17). Aldi berean, 4×100 erreleboetan hirugarren izan ziren Mariela Beraza, Alaine Agueralde, Leire Martiarena eta Nerea Sorondo (49,62).
Emaitza nabarmenak
Dominak eskuratu ez zituzten arren nabarmentzeko emaitzak eskuratu zituzten hurrengo atletek: Iker Anautek pertikan marka pertsonala egin zuen (3,50) eta 16 urte azpiko Espainiako Txapelketara joateko txartela lortu zuen. Luken Aizpuruak luzera jauzian 7,05eko marka egin zuen. Marka pertsonala ez ezik 20 urte azpiko Espainiako Txapelketara joateko gutxienekoa eskuratu zuen. Amaitzeko, Elena Martinek 4:17,40ko denborarekin klubeko errekorra hautsi zuen 1.500metan.
Emakumezkoak zein gizonezkoak taldeka bigarren amaitu zuten.