Udalaren webguneak inoizko datu onenak izan ditu
Webguneak bisiten errekor historikoa hautsi du. Orotara, milioi eta erdi bisita zenbatu dira, 2022an baino %23 gehiago. Miguel Angel Paezek edukien arrakastan jarri du azpimarra.
Irungo Udaleko udal webguneak inoizko datu onenak izan zituen 2023an. Iazko balantzea eginda, “pozik” azaldu da Miguel Angel Paez lehen alkateorde eta Administrazio Digitaleko ordezkaria. Zifrak “historikoak” direla nabarmendu du Paezek. Iaz 1.516.224 bisitari zenbatu ziren, 2022an baino 300.000 gehiago (1.234.224 bisita). 2022ko eta 2023ko datuak alderatuta, bisita kopuruak %23ko hazkundea izan du.
Paezek adierazi du edukien “arrakasta” dela bisiten gorakadaren arrazoi nagusia: “Web orrian ostatatzen diren edukien arrakastaren isla da, kalitatezko edukiak direlako eta herritarrentzat garrantzitsuak direlako”. Edukiez gain, udal webguneak eskaintzen dituen “erabilgarritasuna, erosotasuna eta nabigazio abiadura” goraipatu ditu lehen alkateordeak. Ezaugarri horiek ere bisiten gorakadan zerikusia izan dutela zehaztu du.
Bisiten kopuruak gora egin duenez, bisitatutako orrialdeen kopurua ere hazi dela baietsi du Paezek. 2023an 3.894.401 orrialde bisitatu ziren orotara, eta erregistratutako sarbide bakoitzean 2,6 orrialde bisitatu zirela gaineratu du. Batez beste, 4.154 bisita zenbatu ziren eguneko. Ostirala da jarduera gehien izan zuen eguna, 12:00etatik 13:00etara, zehazki. Hilabeteen errepasoa eginda, ekainak jaso zuen mugimendu handiena, “udalak irismen handiko hainbat kanpaina eta egitasmo” gauzatu baitzituen.
Gaikako sailkapenari dagokionean, honakoak izan dira bost arrakastatsuenak: Herritarrentzako Arreta Zerbitzua eta egoitza elektronikoa (bisitatutako orrialde guztien %28a), Kirola (%18), Gazteria (%11), Gizarte Zerbitzuak (%7) eta Kultura (%3).
Iaz, gainera, udal webgunean “egiturazko eta funtzionaltasuneko berrikuntzak” sartu zituztela gogorarazi du Paezek; esaterako, kultura eta aisialdi agenda hobetu dituzte, “gai eremu eta espazio fisiko erabilgarri guztien ikuspegi integratua eskaintzeko”. Udaleko Osaera Politikoaren atala, aldiz, berriz diseinatu eta eguneratu egin zutela zehaztu du lehen alkateordeak, “dinamikoa” izateko.
Egoitza elektronikoa
Gobernu Irekiko eta Herritarren Arretako arloak adierazi du iaz 24.898 izapide egin zirela egoitza elektronikoaren bidez. 2022ko datuekin alderatuta, zifrek %11,5eko beherakada izan dute. Beherakada horrek, baina, arrazoi nagusi bat duela jakinarazi du Paezek: desagertu egin baitira udal kiroldegietako abonamenduen eta jarduera kudeaketarekin lotutako izapideak. 2023ko maiatzetik aurrera, izapideak instalazioak kudeatzen dituen enpresa esleipendunaren webgunearen bitartez egin zirela nabarmendu du lehen alkateordeak.
Instantzia eta eskaera orokorrak eta dokumentazioa aurkezteko izapideez gain, honakoak izan dira egoitza elektronikoaren bidez erregistratutako izapide nagusiak: banku helbideratzeak, eskola materiala erosteko laguntza eskaerak, Eskola Kirola eta Solas Jolasen izen emateak eta Irun Market-eko deskontu kodeen eskaerak.
IrunApp aplikazioa
Webguneko sarbideen %69a smartphone motako telefono mugikorren bitartez egin zela azaldu du Paezek. Joera horretaz jabetuta, udalaren Informatika Zerbitzuak IrunApp aplikazioa aurkeztu zuen 2023ko martxoan. Sakelakoetan erabiltzeko udal aplikazioa da IrunApp, eta hiriko albisteak eta agenda kulturala “erraz” eta “azkar” kontsultatzea ahalbidetzen duela nabarmendu du Paezek. Horrez gain, Hobetu Irun erabiltzailearen bidez, abisuak, jarduerak eta iradokizunak ere bidal daitezkeela gogorarazi du lehen alkateordeak.
Urtebete pasatxo darama aplikazioak funtzionamenduan, eta denbora horretan 2.161 deskarga erregistratu direla jakinarazi du Paezek. Horietatik %67a Android gailuetan izan dira, eta gainontzeko %33a, aldiz, iOs-Apple gailuetan.
Aplikazio horrek Abisuak izeneko atal bat ere baduela oroitu du lehen alkateordeak. Atal horri esker, zerbitzu horretara harpidetutako pertsonek udalaren azken berriak jaso ditzakete beren mugikorretan, push jakinarazpenen bidez. Iaz, 1.637 pertsonek eman zuten izena Abisuak zerbitzuan push jakinarazpenen bidez.