Udalak esker ona adierazi die Hondarribiko Udal Euskaltegiko ikasle eta irakasleei
Aurtengo ikasturtea amaitzen ari da, baina udan ere ikastaro trinkoak eskainiko dituzte. 2024-2025 ikasturterako aurrematrikulazio epea hilaren 10ean abiatuko da.
Hondarribiko Udaleko Euskara zinegotziak, Garoa Lekuonak, Udal Euskaltegia bisitatu du. Bertan, ikasle eta irakasleekin bildu da eta urte guztian zehar egindako ahalegina eta dedikazioa eskertu die. Izan ere, “guztien konpromisoari esker” Hondarribiko euskara ezagutza maila %72,85ekoa dela aipatu du.
Orain artean, irailetik ekainera bitarte, 232 ikasle izan dituzte eta udako ikastaroetan izango dituztenak kontuan izanik, 257 ikaslera helduko dira aurtengo ikasturtean.
Maila guztiak irakasten dituzte: A1 mailatik C2 mailara. Euskaltegiak goizeko 08:30etan zabaltzen ditu ateak eta iluntzeko 21:00ak arte saioak eskaintzen dituzte. Ikasleek aurrez aurreko ikasteko aukera izateaz gain, onlineko auto-irakaskuntza edo bien arteko konbinaketa aukeratu dezakete.
Diru laguntzak
Euskara ikasi nahi dutenentzat diru laguntzak eskaintzen ditu udalak. Langabetuek matrikularen %10 ordaintzen dute (EABA txartela aurkeztuta) eta Hondarribian erroldatuta badaude eta asistentzia ona badute, ordaindutakoa osoki itzuliko zaie. Langabe ez direnei, baina asistentzia ona dutenei ere %75a itzuliko zaie.
2024-2025 ikasturteko aurre matrikulazio epea hilaren 10ean zabalduko dute eta zazpi egunez egongo da zabalik, hilaren 17ra arte. Izen ematea euskaltegian bertan egin daiteke (10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara), telefono bidez (943 64 12 16 edo 747 40 43 60) edota posta elektroniko bidez.