Isilpeko memoria argitara
Maiatzaren 31n estreinatu zen Jesus Carrera Olaskoaga buruzagi komunista izandakoaren bizitza azaltzen duen dokumentala. Aitzol Arroyok eta Aitor Baztarrikak prozesua nolakoa izan den kontatu dute.
Hondarribiko gorria Jesus Carreraren bizitzan oinarrituta dagoen dokumentala da. Bizitza laburra izan zuen arren, Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta azkenik, 1945ean Madrilgo Alcala de Henaresko hilerriko hormaren kontra fusilatu zuten. Figura historiko garrantzitsua izan zen, ez bakarrik estatu mailan, baita maila internazionalean ere. Orain artean isilpean egon den historia gizarteratzeko lehen pausoak ematen ari dira.
Iragan ostiralean Itsas Etxea topera bete zen; herrian ikusmina zegoen. Igor Enparan alkateak aurkeztu zuen ekitaldia eta alboan izan zituen Aitzol Arroyo historialaria eta Aitor Baztarrika ikus-entzunezko kazetaria. Haiek izan dira dokumentalaren bizkarrezurra. Arroyo ikerketaz eta aholkularitza historikoaz arduratu da. Baztarrika, berriz, dokumentalaren zuzendaria, gidoilaria eta muntatzailea izan da.
Duela zortzi urte izan zuen Arroyok Carreraren berri. Jon Kerejeta hondarribiarrak aipatu zion lehen aldiz haren izena. Kerejetarekin iraganeko bizimoduaz eta 1950-1960 hamarkadetako gatazka armatuaz solasean zebilen aldi horietako batean, Hondarribian Candido Sasetaren pare gerran ibilitako figura garrantzitsu bat zegoela aipatu zion, baina komunista izanagatik ahanzturan zegoela. Jesus Carreraren inguruko informazioa lortzea, ordea, zaila egin zitzaion Arroyori. Interneten ez zuen inongo informaziorik topatu, eta beraz, Joserra Enparan historialariarekin harremanetan jarri zen. Enparanek blog bat zuen, eta bertan Carreraren epaiaren sumarioaren lauzpabost argazki erakutsi zizkion. Hura izan zen tira egiteko bila zebilen hari-muturra.
2016an Irungo Memoria Historikoko teknikaria zen Arroyo, eta Salamancara eta Avilara egiten zituen bidaiak probestuz Carreraren gaineko informazioa bilatzen hasi zen. 1936ko gerran Bilbo erori baino bi egun lehenagoko dokumentu bat aurkitu zuen adibidez, bertan libreki ibiltzeko baimena zuten 30 pertsonen izena aipatzen zen, Carrerarena artean. Gisa horretako beste hainbat erreferentzia topatu zituen eta ikerketarekin jarraitzeko Alcala de Henaresera joan zen. Bertako Archivo General de la Administracion-en kartzelako fitxa aurkitu zuen. Ondoren, hilerrira joatea otu zitzaion eta han aurkitu zuen, 38. hobian, beste hiru fusilaturekin batera.
Ikerketa prozesua bera zaila izan zela aitortu du Arroyok: «Izan dira ordu pila bat, eta zortea da zerbait topatzea. Tokatu izan zait beste zenbait ikerketatan milaka ordu pasa, eta deus ere ez topatu izana. Kasu honetan, lagin batzuk topatu ditugu, baina ziur nago beste hainbat galduta daudela hor nonbait».
Hilobia deskubritu zuenean Lupe Queiruga Txupi-rekin harremanetan jarri zen, eta hark egin zuen familiarekin lehen kontaktua. Carreraren ilobek iniziatiba hartu, eta desobiratze prozesuan aurrera egin zuten. Hasieran Gogora-rekin (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Euskal Institutua) harremanetan jarri ziren, baina institutuak ezezkoa eman zien, euskalduna izan arren Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik kanpo exhumaziorik egiten ez zutelako. Orduan, Aranzadi Zientzia Elkarteari deitu zioten, eta exhumazioaren gastuak bere gain hartu zituzten. Momentu horretan gertakaria dokumentatzeko beharra sentitu zuten. Egiteko horrekin batu zen Aitor Baztarrika proiektura.
Arroyok deitu zionean ETB1eko Ur handitan programan lanean zebilen. Memoria historikoaren inguruko programa bat grabatzen ari ziren. Epeengatik ezinezkoa izan zen Carreraren gaia Ur handitan saioan sartzea, baina desobiratzea dokumentatzeari baiezkoa eman zion: «Aitzolek Alderdi Komunistako kide nagusia izan zen hondarribiar bat izan zela aipatu zidanean, figura historiko bezala balorean jarri behar zela pentsatu nuen». Telmo Basterretxea Madrilen zegoenez, hura arduratu zen exhumazioa dokumentatzeaz. Ondoren, Baztarrikak Xabi eta Maria Carrera anai-arrebei elkarrizketak egin zizkien.
Exhumazioa
Hondarribiko Gorriaren historia isilarazita egon da urte askoan. Joserra Enparanek bere garaian Carreraren gaineko aipamen batzuk egin zizkien senideei, baina Rafaela Carrera [Jesusen arreba gazteena] bizirik zegoenez, ez zuten ezer hasi nahi izan. 2018an, Arroyok egindako aurkikuntza horien berri izan zutenean, ordea, prozesuan parte hartzeko adorea izan zuten dagoeneko senitarteko zuzenik ez zegoelako.
Desobiratze prozesua bera oso azkarra izan zela kontatu du Arroyok. Lehenengo pausoa Alcala de Henareseko Udalari eta hilerriari baimena eskatzea izan zen. Aranzadiko kide eta exhumazioa gidatu zuten Paco Etxeberria eta Lourdes Herrasti antropologoekin bildu ziren ondoren. Txosten historiko bat egiteko eskatu zieten. Hura Alcala de Henaresera bidali eta hilabete eta erdira bertan ziren, Carreraren gorpuzkiak berreskuratze bidean.
2018ko ekainaren 14an abiatu ziren Madrilera. Arroyok bertan bizitakoak gogorarazi ditu. Hilerrira heldu zirenean, gosaltzeko orduan zuten isiltasuna tentsio bilakatu zen. Aranzadiko kideak, Arroyo bera, Telmo Basterretxea, Alcala de Henaresko alkatea eta Carrerraren familia bildu ziren bertan. Lanak hasi zituztenean frustrazio momentu bat bizi izan zutela azaldu du historialariak. «Mariak [Carrerak] esan zidan harria kendu eta hortxe egotea espero zuela. Baina ez, ez zen hala izan. Lehenik lurra kendu eta metro bat inguru jaitsi behar da». Kasu honetan, 1,60 zentimetroraino jaitsi behar izan zuten. Lehen burezurra azaldu zen unetik aurrera giroa zeharo aldatu zen. Bi gorpu atera zituzten lehenik, hirugarrena izan zen Carrerarena. Luze-luze eta kautxuzko zapatekin agertu zen. Une horretan «kristoren ilusioa» sentitu zuen Arroyok, «azkenean, hemen dago» pentsatu zuen.
Dokumentala osatzeko erronka
Dokumentalak bi ardatz nagusi ditu: batetik, familiak bizi izan zuen exhumazio prozesua azaltzen du, eta bestetik, Jesus Carreraren ibilbide politikoa xehatzen du. Erronka handia izan da Baztarrikarentzat figura garrantzitsu horren historia zerotik berreraikitzea: «Mihise zuri bat zen» azaldu du. Gainera, istorio konplexu hura ahalik eta bizitasun handienarekin kontatzen ahalegindu da, gaur egun jendea dinamismo batera ohituta dagoelako. Hasieran, Carreraren lau argazki zituzten soilik. «Paperak, berriz, bai: paper asko genituen, baina ez genuen testigantzik, ez irudirik» gehitu du Arroyok. Hala eta guztiz ere, proiektuarekin hastera ausartu ziren, bukaeran zein emaitza izango zuten jakin gabe.
Dokumentalaren helburua da edozein pertsonak Carreraren bizitza ulertzea, baita «gaiarekiko jakintza gehiegirik ez duenak ere». Hori guztia modu didaktikoan kontatu nahi zuten. Carreraren deklarazio polizialean oinarrituta, eta hainbat adituren laguntzari esker, haren ibilbidea berreraiki zuten, eta gutxinaka puzlea osatzen joan ziren. Baztarrikarentzat ikasketa prozesu bat izan da, «oso aberasgarria».
Isilarazitako oroimena
Memoria historikoa berreskuratzeko iniziatiba duela hogei bat urte hasi zen, orduantxe hasi baitziren Euskal Herriko lehen indusketak. Hasieran alderdiek bultzatutako ikerketak izan ziren. Largo Caballero, Candido Saseta, Agirre Lehendakaria… Alderdi Komunistaren figurak mundutik barreiatuak zeuden. Horrez gain, Baztarrikaren iritziz frankismoak oso ongi egin zituen lanak. «Carreraren familian beldur hori existitzen zen. Familia barruan aipamen batzuk egiten zituzten, baina kanpora begira beldurra zegoen. Egun, ordea, gure generazioari iruditzen zaio orduan gertatutakoa pelikuletako istorio bat dela, gurekin zerikusirik ez duena, eta gure oraina ulertzeko iragan oso hurbila da». Haatik, historia hori azalera ekartzea ezinbestekoa dela iritzi du, Carrerarenak beste milaka pertsonek bizi izan zutena kontatzeko balio baitu ere. Gaur zortzi aurkeztu zuten dokumentala. Biek ala biek momentu berezia bizi izan zuten. Orain, lana ahalik eta gehien zabaltzen ahaleginduko dira, garai hartan gertatutakoak ahanzturan gera ez daitezen.
«Bere bizia osatu dugu. Ikaragarria izan da zer nolako pertsona zen jakitea»
Maria Carrera, Jesus Carreraren iloba da. 2018an exhumazio prozesu guztia bertatik bertara bizi izan zuen, eta dokumentala osatzeko prozesuan aktiboki parte hartu du. Estreinaldiaren ondoren prozesuaz eta bizipenez mintzatu da.
Maiatzaren 31n estreinatu zen dokumentala. Nolako momentua izan zen hori zuretzako?
Hasieran urduritasun handiko momentua izan zen, eta gero emozio handikoa bihurtu zen. Maitasun asko jaso dugu eta oso pozik geratu gara. Hasieran gogorra izan zen dokumentala ikusi gabe nuelako. Aitorrek [Baztarrika] ikustea eskaini zidan, baina ez nuen ikusi nahi izan. Estreinaldian ikusi nuen lehen aldiz, eta ez nekienez zer ikusi behar nuen, korapilo batekin joan nintzen. Jendea oso ondo portatu da, eta orain oso kontent eta pakean gaude.
Dokumentala lehen aldiz estreinaldian ikustea, ez zen batere erraza izan zuentzat.
Horregatik izan da gogorra. Espektazioa genuen. Ez genekien nola aterako ginen. Azkenean, denbora pasatzen da eta gauzak ahazten zaizkizu. Alcalako irudiak ikusi nituenean konturatu nintzen zein gaizki pasa genuen. Aitzoli [Arroyo] ere esan nion. Baina aldi berean oso kontent etorri ginen. Prozesua uste baino gogorragoa izan da, baina denborarekin lasai geratzen zara.
Nolakoa izan da Jesus Carrera, zuen osaba, zein izan zen ezagutzea?
Guretzat gure osaba komunista zen, eta fusilatu zutela. Besterik ez genekien. Familian Jesus pertsonaz hitz egiten zen. Haren bizitzaz edo karrera politikoaz ez genekien ezer, eta ez dut uste familiako inork zekienik ere. Haren inguruan galdetzen genuenean, zer jatorra zen, edo nola maitatzen zuten kontatzen ziguten, besterik ez. Prentsan agertu ginenean etorri zitzaigun jendea gauzak kontatzera, eta Aitzolen laguntzarekin bere bizitza osatu dugu. Ikaragarria izan da zer nolako pertsona zen jakitea.
Haren gorpuzkiak berreskuratu eta herrian lurperatu zenituztenean zer sentitu zenuten?
Poza, alaitasuna eta bakea. Lehengoan nire lehengusuarekin hizketan –hura ez zen Alcalara joan, bizipena gogorregia izango zelakoan – esan zidan: «Gogoratzen duzu Rafaela 94 urterekin hil zela, eta oraindik galdetzen zuela ea non izango zen Jesus?». Orain, azkenean, denak elkarrekin daude. Hori gauza handia da. Nire amona haren semea non zegoen jakin gabe hil zen, eta hori konpondu dugu. Berandu, baina konpondu dugu. Bakea dugu.
Dokumentala baliagarria izan al da zuentzako?
Bai. Niretzat, nire familiarentzat, eta espero dut herriarentzat ere hala izatea. Azkenean, hondarribiarra zen, eta gure familiak eta beste hainbeste familiak zer bizi izan zuten jakitea oso ongi dago. Ez dugu ahaztu behar. Batez ere bizitzen ari garen garai honetan. Gauzak dauden moduan… Faxismoa igotzen ari dela ikusten dudanean beldurra ematen dit.