Irun, Hondarribia eta Hendaia arteko bidegorriaren lanak, martxan
EAJren arabera, irundarrek uda amaieran gozatuko dute obren lehen faseaz. Kirol instalazioak Txenpereneako eremura lekualdatzea eskatu dute.
Irungo EAJk prentsaurreko batean esan duenaren arabera, aurten, Irun, Hondarribia eta Hendaia lotuko dituen bidegorria egingo dute. Gauzak horrela, dagoeneko Plaiaundi ingurua eta Santiagotarrak pasealekua lotuko dituen pasabidean “aurrerapen garrantzitsuak” egin izana azpimarratu dute. 2013an jarri zen lehenengoz Irungo EAJ Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan Txingudiko herriek oinezkoentzako eta bizikletentzako bide baten bitartez elkarlotzeko zuten “beharra” azaltzeko.
Bide horren osaerak Plaiaundiren eta Santiagotarraken artean dagoen haustura ezabatzea eta mugikortasun jasangarria bultzatzeaz gain, Kolon pasealekuko erdiguneko bidegorria osatuko duela azaldu dute agerraldian. 2021ean lortu zuen EAJk Aurrekontu Orokorretan 1,55 milioi euro bidegorrirako bideratzea. Era berean, San Lorentzo urmaela eta oinezkoentzako pasealekua handitzea ere aurreikusten dute.
Emaitzak, heltzear
Azkenik, kirol instalazioak Txenpereneako eremura lekualdatzea faltako litzatekeela diote eremua “guztiz berritu eta egokitu” ahal izateko. Leku aldaketa hori lehenbailehen egiteko eskaera egin dute jeltzaleek.
Uda amaierarako irundarrek obren lehen faseaz gozatzeko aukera izango dutela aurreratu dute, Irun eta Hendaia arteko konexioa erraztuz eta Plaiaundi eta Hendaiako hondartza Bidasoaren ertzetik lotuz.