«Espetxeak txikiago egiteko urratsak egin behar ditugu»
Alicia Alonso ikerlaria da, eta espetxe ereduak aztertzen ari da. Feminismotik eta presoen akonpainamendutik egiten du. Pasa den asteartean Irunen izan zen, Korapilatuz espazio irekiak gonbidatuta.
Jardunean ez dabilen arren, abokatua da Alicia Alonso, eta espetxe ereduak eta zigortze ereduak aztertzen dabil egun. Iragan asteartean espetxeen alternatibez aritu zen Erdiguneko Auzo Elkartean, Salhaketa Nafarroako kide Iune San Millanekin batera.
Espetxe ereduen gainean zabiltza ikertzen. Norekin egiten duzu hori?
Preso emakumeei akonpainatuz, eta espetxeetara sartzen garen kolektibo ezberdinekin egiten dut. Azken hauekin salatu egiten dugu barruko egoera, eta espetxe eskubideetan formakuntza eskaintzen diegu kartzeletan daudenei. Oraintxe bost hilabete daramatzat Espainiako Estatuan, itzuli berri naiz Italiatik, eta nire burua hemen kokatzen ari naiz. Santanderreko espetxeen aurkako mugimendu batean nabil, baina beti ere Baladrea penintsulako kolektiboen koordinazioarekin.
Emakume presoekin egiten duzu lan, batez ere. Zergatik?
Feminismotik lan egiten dut eta askatasuna kendu dieten emakumeak interesatzen zaizkit. Sistemaren barruan diskriminatuta daude, eta nire lehen interesa sistemaren diskriminazio hori salatzea da. Eboluzionatzen joan naiz, eta sistemak berak erreproduzitzen ditu genero rolak, erreproduzitzen ditu desberdintasunak, baita opresio sistemak ere.
Italiatik iritsi berri zara, eta Txilen ere egona zara. Ezagutu al dituzu espetxe sistema desberdinak?
Latinoamerika osoko espetxeak ezagutzen ditut, Mexiko, Kolonbia, Brasil… Eta sistema berbera da leku guztietan, geografikoki oso urrun egonda ere esentzia berdina da. Gainera, arreta deitu zidan Txilen erabiltzen diren torturatzeko moduak Italian ere ikusi ditudala. Hori ez da bi estatuek harremana dutelako, elkar partekatzeko nola erreprimitu presoak, baizik eta espetxeen esentziaren parte dira metodo horiek. Diferentzia nabarmenak badaude, eta ongizate estatuaren garapenaren araberakoak dira.
Ba al dago zigorra oinarri ez duen kartzela eredurik?
Kartzelaren alternatibez aritzean atzera begiratu behar da. Arazoa ez da espetxe eredua bakarrik, gure gizarteak daukan zigorraren kultura ere bada arazoa. Beharrezkoa da kuestionatzea maila kulturalean zein eredu daukagun. Gure gizarte ereduan txiki garenetik zigorra gure egunerokoaren parte da, eta kulturalki egin behar genuke aldaketa. Nire ustez hori da aldaketa zailena. Espetxeak txikiago egiteko urratsak egin behar ditugu ere bai. Ikusi baldin badugu kartzelak min soziala eragiten duela, hori txikitzen joan behar gara. Horretarako, dena delitu gisa katalogatu beharrean, kartzela erabili beharko zen delitu arriskutsuen ondorio gisa, adibidez. Gutxitu egin beharko zen jendea espetxean sartzea, hirugarren graduen bidez, neurri alternatiboekin, edo zigor alternatibo bitartez. Kartzelan dauden gehienak droga trafikoagatik daude preso, eta argi dago diskriminalizatu egin behar dela drogen trafikoa eta kontsumoa. Badaude neurri batzuk politikoki hartu beharrekoak, eta gizarte politiketan eragin behar dutenak. Era horretara ekidin behar dira pobreziagatik egiten diren delituak.
Eusko Jaurlaritzak espetxeak kudeatzeko eskumena dauka orain. Uste duzu espetxe ereduan eragiteko aukera duela?
Bai. Mina gutxitzeko espetxean baldintzak aldatu behar dira, eta han daudenen bizi baldintzak hobetzeko aukera du. Gainera, jakin dudanez horretan lanean dabiltza. Asdepres espetxeetako giza eskubideen aldeko elkarte bat da, eta beraiekin batera ikerketa bat egiten ari naiz ikusteko zein mailara arte bete diren Bangkok-eko arauak. Arau horiek presoentzako giza eskubideen estandar internazionalak dira, eta ikerketa Euskal Herrian ere egin dugu. Eskumenak pasa berri zizkioten Eusko Jaurlaritzari arau horiek egin zirenean, eta, beraz, egin genuen diagnostikoa, eta hurrengo astean entregatuko denak balioko dute esateko zer dagoen hobetzeko. Aukera ona dute horretarako.