Bigarren urte olinpikoari agur; hurrengora arte
2023-2024 sasoia bukatu berri dute talde olinpikoek. Iazkoa baino parte hartzaileagoa eta luzeagoa izan da: azaroan hasi eta ekaineraino iritsi dira Herri Olinpiadak.
Gazteen aisialdirako alternatiba bilakatu dira Hondarribiko Herri Olinpiadak, herriko kuadrillak elkartzeko, elkar ezagutzeko eta ongi pasatzeko espazio bat dira. Hirugarren generazioko olinpiadak antolatzen dituzten bigarren urtea izan da honakoa, eta, bukatu berritan, haren balorazioa egiteko unea heldu da. Komite Olinpikoko Urko Iridoyk begi onez ikusi du aurtengo edizioa: «Zortzi proba egin dira. Batzuk besteak baino hobeago atera dira, baina balorazioa oro har ona izan da». Hala eta guztiz ere, zenbait gauza hobetzeke daudela adierazi du, «komitearen aldetik, baita parte hartzaileen aldetik ere». Akatsetatik ikasten dela argi du gazteak, eta iazkoetatik ikasi zuten bezala, aurtengo denboralditik ere asko ikasi dutela zehaztu du.
Olinpiadetako giroa orokorrean oso ona izan da, eta lehenengo urtean bezala, aurten ere, pike handia egon da taldeen artean. Gehienetan, ordea, sanoa izan da. Dena dela, hainbeste talderen artean beti izaten da lehiakortasuna serioegi hartzen duenik, eta datozen urteei begira hori aldatzeko helburua ezarri du komiteak: «Hori aldatzea da gure helburuetako bat. Ulertzea hemen ondo pasatzeko eta herriko gazteria elkartzeko gaudela, ez probak bukatzean besteei gauzak leporatzeko».
Bestalde, konpromiso aldetik, «betiko arazoa» azaleratu dela kontatu du Iridoyk, jende askok olinpiadak komitearen antolakuntzaren gauza direla barneratu baitu. Aurten 6-7 pertsonek osatu dute komitea, eta lan-karga «oso handia» jasan dute: «Azken eguna, egun handi bat, pertsona oso gutxiren artean antolatu dugu, urteroko komeria. Ez dugu inor behartzen aktiboki parte hartzera, baina uste dut olinpiadak denen artean antolatu behar direla». Hori barneratzea zaila dela iritzi du gazteak, baina iazko urtetik pauso bat eman dela nabaritu du: «Jendea laguntzeko gogoz izan da, baina bultzadatxo hori falta zaigu aktiboki gehiago parte hartzeko». Lan-karga pertsona gutxiren gain hartu badute ere, guztia antolatzeko Hondarribiko Udalaren laguntza izan dutela nabarmendu du Iridoyk, diru zein baimen aldetik.
31 izan dira aurten olinpiadetan parte hartu duten taldeak. Batzuk joan, eta berri batzuk etorri dira. Zenbait talderen partetik laguntza handiagoa jaso duten arren, beste askok «ilusio pixka bat» galdu dutela sumatu du hondarribiarrak, eta horrekiko kezka adierazi du. Antolatzailearen ustez sekretua grina horretan dago, «eta hori mantentzea da zailena».
Hirugarren urte olinpikoa, zalantzan
Hurrengo urteari begira zalantzak ditu Iridoyk. Oraindik ezinezkoa da jakitea aro honetako hirugarren urte olinpiko bat egongo den ala ez. Printzipioz, udan Gazte Eguna antolatzeko denbora hartuko dute, eta iaz bezala, herriko jaiak bukatzerakoan, bilera baterako deialdia egingo dute. Orduan ikusiko dute dauzkaten indar, gogo eta giza baliabideekin olinpiadak antolatu daitezkeen ala ez. Ordura arte, zorionak Faki ta Faki!