Tximist Cup, erreferente emakumeen futbolean
Hondarribiko Hondartza zelaiak txapelketaren zortzigarren ekitaldia jasoko du hilaren 14tik 22ra. Orotara, 1.500 jokalari bilduko dira, munduko txoko ezberdinetatik etorriak.
Goi mailako emakumeen futbola Hondarribian lurreratuko da hilaren 14tik 22ra, Tximist Cup futbol txapelketaren zortzigarren ekitaldia jokatuko baita Hondartza futbol zelaian. Gaur aurkeztu dituzte txapelketaren nondik norakoak Aintzane Encinas Tximist Foundation-eko presidenteak eta Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako Organoaren zuzendariak.
Encinasek adierazi du “mundu mailako futbolaren benetako festa” dela Tximist Cup. Orotara, 1.500 jokalari inguru bilduko dira Hondarribian, munduko txoko ezberdinetatik etorriak. Olympique Lyon (Frantzia), Bartzelona, Leipzig (Alemania), Wolfsburg (Alemania), Grasshoper Zurich (Suitza), Twente (Herbehereak), Alaves, WomanGoal, Athletic, AFE Selekzioa, Gipuzkoako Selekzioa eta Reala dira talde parte hartzaileak. Klub horiek 14 urtez azpiko, 17 urtez azpiko eta Legends mailetan lehiatuko dira.
Tximist Cup tankera horretako Gipuzkoako txapelketa bakarra dela baietsi du Encinasek; hori dela eta, emakumeen kirolean “aitzindari” izaten jarraitzen dutela nabarmendu du Tximist Foundation-eko presidenteak. Encinasek jakinarazi du Tximist Cup-ek “ikusgarritasuna” ematen duela eta “erreferenteak” sortzen dituela, “belaunaldi berrientzako ametsak eta emakume aitzindarien eta jada mito direnen errekonozimendua” lortuz. Isasik gaineratu du mota horretako txapelketek “garrantzia handia” dutela: “Kirola bide ezin hobea baita berdintasunaren eta eraldaketa sozialaren aldeko espazioak irabazten jarraitzeko. Tximist Cup da horren adibide onena, balioak eta nesken ahalduntzea sustatzen dituelako”.
Gipuzkoan sona handia duen txapelketak ere herrialdeko mugak gainditu ditu, Espainiako Gobernuko Kirol Kontseilu Gorenaren Universo Mujer programak “interes publikotzat” jo baitu Tximist Cup. Hori dela eta, Encinasek zehaztu du “talentu, lehia eta pasiozko parerik gabeko erakustaldia” izango dela Hondarribian bizituko dena.
She Leads kongresua, Anoetan
Tximist Cup-ek emakumeen kirolaren erreferenteak eta jokalariak bilduko ditu. Txapelketa, baina, ez da soilik lehiara mugatuko, hilaren 14an She Leads nazioarteko kongresuak kirolaren munduko emakume “liderrak” eta “erreferenteak” bilduko baititu Anoetako estadioan, 18:00etan. Hamabi emakumek hartuko dute parte kongresuan; besteak beste, Beatriz Alvarez F Ligako (Emakumeen Lehen Maila) presidenteak, Garbiñe Etxeberria Realeko kirol zuzendariak eta Aintzane Encinas Tximist Fundazioko presidenteak.
Tximist Cup-eko partiden ordutegiak, txapelketaren xehetasunak eta kongresuari buruzko programazioa Tximist Foundation webgunean aurki daitezke. Horrez gain, aurreko ekitaldietan egin bezala, partidak streaming bidez ikusi ahal izango dira antolakuntzaren webgunean bertan.