'Eskola jasangarria' ziurtagiria jaso du Talaia eskolak
Urdaibaiko Ekoetxean banatu zituzten atzo 'Eskola jasangarria' ziurtagiriak. Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko 13 ikastetxek jaso zituzten.
Atzo goizean Urdaibaiko Ekoetxea zentroan jaso zuen Talaia eskolak ‘Eskola Jasangarria’ ziurtagiria. Eskola Agenda 2030 programaren baitan eskolek egiten duten lana errekonozitzeko helburua du ziurtagiriak. Hau da, programa garatu bitartean nabarmendu diren esperientziak, ikastetxearen lana, prozedurak eta iraunkortasunaren kalitatea aitortzen ditu.
Aitorpen ekitaldian Aitor Aldasoro Ingurumen eta Jasangarritasunerako sailburuordea, eta Amaia Agirre Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria izan ziren, eta horiek izan ziren sariak banatzearen arduradunak. Talaia eskolak ez ezik, beste 12 ikastetxek jaso zuten errekonozimendua: Arabako bi ikastetxek, Bizkaiko 9k, eta Gipuzkoako batek.
Talaia eskolan hainbat jarduera burutzen dituzte, besteak beste, Bordarin 5. mailako ikasleekin konposta egiten dute, eta lortutako ongarria Biterira eramaten dute; baratzea lantzen dute; eskolako zabor ontziak kaleko edukiontzietan husten dituzte; Dravet sindromea ikertzeko eskolako material bilketa egiten dute; tapoiak biltzen dituzte eta horiek birtziklatuz gaixotasun arraroak ikertzeko dirua jasotzen dute; CD zaharrak eta pilak jaso eta garbigunera eramaten dituzte; ikasturtean zehar elikagai bilketa egiten dute; ‘Utzi eta eraman’, liburuei bigarren bizitza bat emateko proiektua martxan dute; ‘Basoak ernatzen’ proiektuaren baitan zuhaitzak landatzen dituzte urtero; Talaia Alai proiektuan ere parte hartu zuten, “inguruko espazioa modu iraunkorrean eraldatuz”; eta ebaluazioan ikuspuntu eko-sozialari loturiko itema Herritartasunerako konpetentziaren barruan txertatu dute.