Adinekoen bazkariko txartelak, agortuta
Bazkaria hilaren 25ean izango da, Ficoban. Gonbidapenak hilaren 11n eta 12an banatuko dira Amaia KZko txarteldegian, 09:30etik 11:30era.
Irungo Udaleko Kultura arloak jakinarazi du agortu egin direla adinekoen bazkariko txartelak. Bazkaria hilaren 25ean izango da, Ficoban, eta sanpedroen eta sanmartzialen egitarauaren barruan dago kokatuta. Irunen erroldatuta dauden eta ekainaren 25erako 65 urte beteta dituzten herritarrei dago zuzenduta.
Udal erakundeak adierazi du gonbidapenak hilaren 11n eta 12an banatuko direla Amaia KZko txarteldegian, 09:30etik 11:30era. Horiek jasotzeko NANa aurkeztu beharko da. Izena eman duen norbaitek ezin badu gonbidapena jaso, beste pertsona bat joan ahal izango da berau hartzera. Horretarako, izena eman duen pertsonaren NANaren fotokopia bat eraman beharko du.
Gonbidapen horiek bazkariaren egunean erakutsi beharko dira, Ficobako hirugarren pabiloian. Ficobara joateko, gainera, autobus zerbitzu berezia jarriko da. Fermin Calbeton kaletik abiatuko dira, 12:30etik aurrera, eta azken irteera 13:30ean izango da. Itzulerako autobusak, aldiz, 17:00etatik aurrera aterako dira San Juan plazarantz. Azken irteera 19:00etan izango da.