Osasun Bidasoak etorkizuneko Eusko Jaurlaritzari eskatu dio eskualdeko "arazo larriei" heltzeko
Apirilean azken manifestazioa egin ondoren arazoak ez direla konpondu salatu dute. Osasun Sailari eskatu dio eskualdeak bizi duen utzikeria historikoaren ondorioei erantzuteko.
Osasun Bidasoak eskualdeko eta Bortzirietako manifestazioa egin zuen apirilaren 13an eta orain arteko eskaerak berretsi zituzten: itxaron zerrendak txikitzea, profesional gehiago kontratatzea, lehen arreta hobetzea eta eskualdeko ospitalek obrak birpentsatzea. Orain, Eusko Jaurlaritzan gobernu berria eratuko da eta haiei zuzendu dira osasungintzan eskualdean bizi dituen arazoei heltzeko: “Osasun Bidasoak espero du gobernu berriak Bidasoa eta Bortzierietako eskualdeek dituzten osasun arretaren arazo larriei helduko diela”.
Osasun Sailak eskualdea utzi izanaren egoera historikoa dela salatu dute eta ohartarazi dute okerrera egiten jarraitzen duela azken hilabeteetan. Izan ere, epe laburrean eta ertainean konponbiderik ez proposatu izana egotzi diote Lakuari. Eskaera errepikatu diote Osasun Sailari: Bidasoko gerentearekin eta Osasuneko sailburuarekin bilerak egitea. Izan ere, salatu dute ez Osakidetzak ezta Osasun Sailak ez dietela eskaera horiei erantzun. Egoera horrela, Osakidtzaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren “utzikeria eta elkarrizketarako borondaterik eza” salatu dituzte.
Arazoak
Hainbat dira plataformak identifikatutako arazoak. Itxaron zerrenda luzeen arazoa dago. Ospitaleko kontsulta espezializatu batean artatua izateko edo proba diagnostikoak egiteko itxaron denboraren narriadura salatu dute, hilabetez hilabete okerrera egiten baitu. Eguneratu egin dituzte zenbait espezializazioetako itxaron egunak zenbatekoak diren. Hala, maiatzaren 24an, 7 espezialitatek 60 egun baino gehiagoko itxaron zerrenda dute.
Nabarmendu egin dituzte ginekologia (167 egun); traumatologia (155 egun), otorrinoarena (136 egun), kirurgia orokorrarena (123 egun) edo dermatologiarena (75 egun). Horrez gain, urologiarako eta minaren unitaterako ez dira hitzordurik ematen ari.
Proba diagnostikoen egoera antzekoa da eta proba horietatik lauk 60 eguneko itxarote zerrenda gainditzen dute: TAC-ak 82 eguneko itxarote zerrenda dauka, kolonoskopiak 80 egunekoa eta gastroskopiak 75 egunekoa.
Profesional faltaren problemarekin segitzen du ospitaleak ere eta espezialitate batzuetan profesionalak falta dira, hala nola, urologian, anestesiak edo erradiologiak. Lehen Mailako Arretan familia medikuak eta pediatrak falta dira absentziak bete ahal izateko, eta Irun Erdiguneko eta jaiegunetako Lehen Arretako larrialdi zerbitzuan ez dira txanda guztiak betetzen ari medikurik ez dagoelako.
Kontsultarako leku faltarekin segitzen dute Lehen Mailako arretan, bai Lapitzen baita Dunboan ere, eta barrakoietan eta antzinako bainugeletan eta itxarongeletan egiten ari dira kontsultak. Azken hauek “eraldatu” egin dituzte. Osasun Bidasoak dio arazo honekin dauden bitartean, Osasun Saila duela 20 urte abiatutako hirugarren anbulatorio bat eraikitzeko prozesuan dagoela.
Osasun Sailak Irun erdigunean anbulatorio bat eraikitzeko orubea eskatu dio Irungo Udalari eta erakunde honek ez du horretarako proposamenik egin eta Osasun Bidasoak gaineratu du ez dagoela erdigunean horretarako lursailik. EAJren arabera, ViaIrun proiektuko lurrak erabili behar dira proiektu honetarako. Bestalde, Oinaurreko anbulatorioaren proiektua 1.500 metro karratu handitu daitekeela azaldu du Osasun Bidasoak.
Azkenik, ospitalean leku falta dagoela gogoratu dute. “Ospitalean kontsulta guneak falta direnez, profesionalen faltarik ez duten espezialitate batzuek eta ezin dituzte pazienteak artatu”. Ondorioz, itxaron zerrendak luzatzen dira eta arazo larritzat jo dute hau. “Ebakuntza gelak erreformatu gabe daude oraindik eta aurrera segitzen du Osakidetzako proiektuak: ospitaleko zatirik berriena eraitsi atxikitako eraikin bat gabe, nahiz eta eraikin horrek espazioaren arazoa konponduko lukeen, obra gogaikarriak eta alferrikakoak saihestuz”.