Jaizubiako A lursailen jabeei legez jokatzeko deia egin zaie
Hondarribiko Udalak 1613/2024 dekretuaren bidez 396/2022 dekretuan xedatutakoa betetzeko eskatu die Jaizubiako A lursailen jabeei.
2019ko martxoaren 4an Agiñasasi eta Arrutela bideak irekitzea eskatzen zuten 300 sinadura aurkeztu zituzten Hondarribiko Udalean, bide horien itxierak inguruko baserrien eskubideak urratzen zituztela eta ohikoak baino bide luzeagoak egin behar zituztela argudiatuta. Bizilagun batek kexa sartu zuen udaletxean esanez motorrarekin ezin zuela bere lursailera iritsi, eta udalak bertara bisita egin ostean baieztatu du 1 eta 4 zenbakiko sarbideak itxita daudela kateekin, hesiekin, seinaleekin eta baita zaintza kamerekin ere.
Duela gutxi onartutako 1613/2024 udal dekretuak gogorarazten du Jaizubiako A lursailen jabeek 396/2022 alkatetza-dekretua bete behar dutela. Hesiak, seinaleak eta zaintza kamerak jartzea bezalako ekintzak “obra klandestinoak” direla salatu dute, eta hirigintza legezkotasuna berrezarri behar dela berretsi dute udaletik.
Hondarribiko sozialistek poztasuna adierazi nahi izan dute prentsa ohar baten bidez hirigintza sailak urbanizazioari hirigintza legezkotasuna betetzeko eskatu diolako.