Jaietako argazki eta kartel lehiaketak martxan dira dagoeneko
Uztailaren 5a izango da Hondarribiko Jai Nagusietako kartel eta argazki lehiaketetan parte hartzeko azken eguna.
Hondarribiko Udalak lanean dihardu Jai Nagusiak antolatzen, eta ildo horretatik, jaietako kartel eta argazki lehiaketetan parte hartzeko epea zabaldu du uztailaren 5a arte.
Jai Nagusietako kartel lehiaketan edonork har dezake parte. Teknika librea da, lan originalak izan behar dira, eta bertikalean egin beharko dute lan parte hartzaileek. 70x50zm-ko neurrietan egin beharko dute kartela. Irabazleak 650 euroko saria jasoko du, eta, gainera, bere obra jaiak iragartzeko kartel ofiziala izango da. Bigarren sailkatuak 300 euroko saria izango du, eta hirugarrenak, berriz, 200 eurokoa. Xehetasun guztiak ikusteko, egin klik hemen
Bestalde, argazki lehiaketako parte hartzea ere irekia da. Kasu honetan, udalak Hondarribia kokaleku duten zuri-beltzeko edota koloretako argazkiak onartuko ditu. Parte hartzaile bakoitzak aurrez argitaratu edo saritu gabeko lau ale aurkez ditzake, 20x30zm-ko neurrikoak eta markorik gabeak denak. 500, 400 eta 300 euroko sariak jasoko dituzte lehen hiru sailkatuek. Lan guztiak Arma Plazako Interpretazio Zentroan Jai Nagusiak hasi baino lehen egingo den erakusketan egongo dira ikusgai. Xehetasun guztiak ikusteko, egin klik hemen.