Unai Arroyo eta Elena Loyo, azkarrenak Irungo Miliatan
Arroyo eta Loyo azkarrenak izan ziren 5 kilometroko zirkuituan, eta Euskadiko Txapelketa ere bere egin dute. Milia Solidarioak, gainera, 600 euro bildu zituen Gipuzkoako Minbizia Elkartearentzako.
Atzo goizean Bidasoa Atletiko Taldeak antolatutako Irungo Miliak lasterketak lehiatu ziren. Lehenik eta behin, 30 beterano inguruk Tippi-tappa ibilaldia egin zuten. Partaideek lasterketaren ibilbidea osatu zuten, eta bukaeran antolakuntzako kideek mokadu batekin eta edariarekin itxoin zituzten.
Lehiari dagokionean, Unai Arroyo eta Elena Loyo izan ziren gizon eta emakume azkarrenak 5 kilometroko zirkuituan. Arroyok 14 minutu eta 46 segundotan gelditu zuen kronometroa. Joseba Olaetxeak (15:02) eta Ignacio Tancok (15:19) lagundu zuten podiumean. Loyok, aldiz, 16 minutu eta 28 segundoko denbora markatu zuen helmugan. Jone Zabaletak (17:13) eta Maria Velazquezek (17:42) osatu zuten podiuma.
Irungo Milietan, gainera, 5 kilometroko Euskadiko Txapelketa federatua ere jokatu zen. Sailkapen honetan ere, Unai Arroyo eta Elena Loyo izan ziren garaileak. Arroyorekin batera, Igancio Tanco eta Julen Azpiazu (15:36) igo ziren podiumera. Emakumeetan, Loyo, Jone Zabaleta eta Arrate Mintegi (18:05) izan ziren azkarrenak.
Lasterketa egokituak
Handbiketako eta gurpildun aulkietako partaideak izan ziren lehenak lehiatzen. Gizonetan, Asier Navaridas izan zen azkarrena 4 minutu eta 28 segundoko denborarekin. Alberto Muñagorrik (04:52) eta Joselu Rodriguezek (06:39) osatu zuten podiuma. Emakumeetan, berriz, Leire Troitiño nagusitu zen 7 minutu eta 5 segundoko denborarekin. Ruth Alvarez bigarren postuan sailkatu zen (07:32). Gurpildun aulkietan Beñat Lizaso izan zen parte hartzaile bakarra. 7 minutu eta 43 segundotan gelditu zuen kronometroa.
Haien ondoren, adimen urriko kirolarien proba izan zen. Bederatzi pertsonak hartu zuten parte monitore, familia, lagun eta klubeko kirolarien laguntzarekin. BATek inklusioaren esparruan egiten duen apustua erakutsi zuen.
Milia Solidarioa
Azkenik, 12:10ean, Gipuzkoako Minbizia Elkartearen aldeko Milia Solidarioa jokatu zen. Izaera lehiakorra ez bazuen ere, partaideek elkartearen alde kilometroak osatu zituzten. Dortsal solidarioen eta donazioen laguntzarekin, 600 euro bildu ziren, elkarteari igorriko dizkiotenak.