Agurtzane Berastegi eta Loiola Zuazu, IX. Emakume Pala Txapelketako txapeldunak
Emeki elkarteak antolaturiko IX. Emakume Pala Txapelketak sekulako arrakasta izan du beste urte batez. Hilaren 1n jokatu zuten finala eta hastapeneko pala eskolako ikasleek ere ikasturte amaierako erakustaldia egin zuten.
Iragan larunbatean, hilak 1, Jostaldi Pilotalekuan jokatu zen Emeki elkarteak antolatzen duen IX. Emakumeen Pala Txapelketaren finala. Lehiaketako partida garrantzitsuenaren aurretik, ordea, finalerdiak jokatu zituzten.
Goizeko 10:00etan hasi zen lehia. Izaskun Zubieta eta Aloña Zabalak (Gorriz) 15-0 irabazi zuten Maider Aginagalde eta Nerea Urrizar (Urdinez) bikotearen kontra. Ondoren, Agurtzane Berastegi eta Loiola Zuazuk (Gorriz) Amaia Urkitza eta Eukene Sagarzazuren (Urdinez) kontra jokatu zuten. Kasu honetan ere gorriz jantzitako bikotea gailendu zen markagailuan, 15-6.
Finalerako txartelak eskuratuta deskantsatzeko tartea izan zuten kirolariek. Minutu batzuren ondoren heldu zen txapelduna izendatzeko partida. Gogotsu irten ziren kirolariak jokalekura. Kontzentratuta bezain prest. Izaskun Zubieta eta Aloña Zabala gorriz jantzi ziren, Agurtzane Berastegi eta Loiola Zuatzu, berriz, urdinez. Azken bikotea aise nagusitu zen, 4-20.
Sari banaketaren aurretik Emeki elkarteak Hondarribiko pilota eskolarekin elkarlanean martxan jarri zuen hastapeneko pala eskolako gazteak izan ziren protagonista. Batez ere neska gazteak ahalduntzeko eta pala modalitatera gerturatzeko sortu zuten eskola hori, nahiz eta mutilek ere izena eman dezaketen. Horretarako, Maider Mendizabal lehen mailako palistarekin saio praktikoak antolatu zituzten herriko hiru eskoletan. Egun 11 neska eta 3 mutil daude taldean.
Ikasturtea amaitu berri erakustaldi gisa hainbat partidu jokatu zituzten. Horiek amaitzerakoan Lupe Queirugak, Kirol zinegotziak, Emekik haurrentzat prestaturiko telazko motxilak banatu zizkien. Ondoren, txapelketaren sari banaketari ekin zioten. Hirugarren saria Amaia Urkitzak eta Eukene Sagarzazuk jaso zuten. Ainhoa Martinezek, EAJko zinegotziak, eman zien oroigarria. Bigarren saria Izaskun Zubieta eta Aloña Zabalarentzat izan zen. Saria Lupe Queiruga Kirol zinegotziak banatu zien. Azkenik, lehen postuan geratutako Agurtzane Berastegiri eta Loiola Zuazuri txapela jarri zien Tamara Sastrek (Emekiko Lehendakariak).
Egun borobila izan zen. Sustraitik Gozamenera elkartearen eskutik batukada feministak goiz osoan zehar sekulako giroa ezarri zuen pilotalekuan. Hona hemen eguneko zenbait argazki eta bideoak (Emeki elkartearen eskutik):