Hondarribiko Olinpiadetako taldeen puntu eta postu dantza
Hasieran 31 talde ziren arren hogeita seik amaitu dute 2023-2024 denboraldia. Azarotik ekainera zortzi proba antolatu dituzte, azkena larunbatean. Ikus emaitzak.
Ekainean sartzearekin batera amaitu dira Hondarribiko Olinpiadak. Gastronomia probarekin biribildu zuten larunbatean bigarren urte olinpikoa. Aurten parte hartu duten taldeak ez ezik, beste belaunaldi batzuetako taldeak ere bildu ziren Alamedan. Denek bat egin zuten Hondarribiko Olinpiadek merezi duten amaiera emateko. Ikus irudiak.
Albondiga plater onenaren bila aritu ziren gazteak. Haragi bolak epaimahaikideei eman eta sabelak bapo bete zituzten. Bazkalostean jakinarazi zuten behin betiko sailkapen orokorra, eta festan murgildu aurretik diplomak banatu zituzten. Kioskoa oholtza gisa baliatu zuten eta bertatik saridunen izenak esan zituzten.
Albondiga onenak Taketeko taldearenak izan ziren, haiek irabazi baitzuten eguneko proba. Bigarren izan ziren Barriotxinokuak eta hirugarren Esekitokiak. Eguneko sailkapena esan ondoren, diplomak banatu zituzten:
- Talde itxuranteena: Tximista
- Talde mozkorrena: Jubiletak eta Eruak eldu ttuk (berdinketa)
- Konpromiso gutxieneko taldea: Xerinkeneko erliak
- Memerik onena: Amonan xalda berua
- Errebelazio taldea: Erdi fanak
- Talde pikatuena: Atletik klub txiplau
- Talderik negartiena: Faki ta faki
- Talderik tranpatiena: Amonan xalda berua
- Dezepzio taldea: Mixikuak
Aldi berean, 2023 urtean banatzerik izan ez zuten diploma banatu zuten.
- Konpromiso handieneko pertsona: Eneko Ramirez.
Azkenik, 2023-2024 denboraldiko behin betiko sailkapen orokorra zein izan zen helarazi zuten. Aurtengo erregeak Faki ta faki taldeko kideak izan ziren. Ohore handiz jaso zuten irabazleei banatzen zaien bikingo kaskoa. Bigarren tokian amaitu zuen Atletik klub txiplauk, eta podiuma osatzeko, hirugarren izan zen Amonan xalda berua taldea.
Hasieran 31 talde ziren arren hogeita seik amaitu dute 2023-2024 denboraldia. Puntuaketarik ez duten taldeek 2 strike jaso zituzten. Hau da, probaren batera edo bileraren batera ez joateagatik strike bat jartzen zuten. Bi jasotzerakoan lehiatik kanpo geratu dira Fundamentu eskasa, Kostata lanpernak, Perretxekoak, Txetuak eta Xerinkeneko erleak taldeak.
Sari banaketen ondoren hasi zuten musika festa. Zker Band elektrotxaranga, Eire, Herenegun, Ezezez, eta DJ Fresamorango taldeekin nekatu arte egin zuten dantzan.